11:00etan Joxe Arregi plazatik bertatik abiatu da kotxe eta moto klasikoen —hau da, eraiki zituztenetik edo lehen matrikulaziotik 25 eta 30 urte artean bete dituztenena— karabana, ikusmin handiarekin.
Kotxe historikoek zer esanik ez, begirada guztiak bereganatu dituzte: itxuragatik, diseinuagatik, historiara bidaiatzeko aukeragatik, koloreengatik, jabeen janzkerengatik... Edonola ere ikuskizun mugikorra sortu dute Zizurkil barrenean.
Ford, Mercedes, Overland, Hispano Suiza, BMW, Seat, Alpina... Kotxe-marka eta -modelo ugarik desfilatu dute Zizurkilgo kaleetan; batzuk, bolantea ezkerrean zutela, eta beste askok, eskuinean. Baten batek abiarazteko arazoak izan baditu ere, antolatzaileen laguntzarekin martxan jartzea lortu dute. Edonola ere, era guztietako ibilgailuen topaketa izan da gaurkoa.
Hala ere, eguna oraindik ez da amaitu eta topaketak aurretik ditu oraindik sari-banaketa, bazkaria eta Arima Soul taldearen kontzertua.