Festen balorazio positiboa egin du Zizurkilgo Udalak

Udalak Zizurkilgo Herriguneko jaien balorazioa egin du.

Joan den abuztuaren 15ean amaitu ziren Zizurkilgo Ama Birjin jaiak, eta udalak balorazio positiboa egin du aurtengo festen inguruan. Bai udaleko langileek, baita festa batzordeko kideek ere, festak normaltasunez eta giro onean igaro direla nabarmendu dute eta ez dela gorabehera aipagarririk izan.

Egitaraua aurreikusitako moduan bete da, aldaketarik gabe, eta ekitaldi ugarik izan dute parte hartze handia. Besteak beste, larunbat gaueko kontzertuek jende ugari bildu zuten, eta nabarmentzekoa da herri bazkarian elkartu ziren herritarren kopurua: 220 lagun inguru batu ziren mahaiaren bueltan. 

Txupinazoa berezia izan zen, Urkamendi guraso elkarteak piztu zuen suziria, herritarren parte hartze handiarekin. Ezinbestean Mendigain eskolari egin zioten keinu, eta horretarako bertsoa erabili zuten: Eskola txiki handia / herriarentzat arnasa / gora Zizurkil, gora Mendigain / eta festak ondo pasa. / Umeek jolas (e)ta kanta / liskar eta zalaparta / hori iragarriz hasi zenuen / ezinbesteko txinparta. / Gabonak eta Inauteri(a)k / festak, hamaika komeri / Guraso Elkarteari biba / (e)ta urte askotan segi

Oilasko biltzaileen hitzordua ere aipagarria izan da, urtero bezala. Gazteek goiz-goizetik ekin zioten bideari, baserriz baserri, eta eurekin batera zabaldu zuten festa eta dantza herrian zehar, plazan ere bai.

Ingurumenari dagokionez, aurten aurreko urteetan baino zabor gutxiago sortu dela ere azpimarratu nahi izan du udalak. Txosnan beirazko botilak baztertu dira, eta horrek herria garbiago mantentzen lagundu du. Hala ere, ez da hori izan zabor gutxiago sortzeko arrazoi bakarra: herritarren jarrerak eta kontzientziazioak ere eragin zuzena izan dute. Horregatik, udalak herritarrak eskertu nahi ditu.

Gainera, beste behin ere, bereziki jaietako giroa eta antolaketa azpimarratu ditu udalak. Horren harira, festa batzordeari eta jaiak aurrera eramateko parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman dizkie: «Auzolanetik, herritik eta herriarentzat antolatutako festen atzean herritar askoren lana eta inplikazioa dago. Guztien ekarpenari esker, herriguneko festek giro bikaina izan dute aurten ere». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!