Zizurkilgo Udalak Atxulondo Kultur Etxearen energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak egin ditu. Martxoan ekin zitzaion proiektuari, eta abuztuan amaitu dira lanak. Hala, udalak, legealdia amaitzeko urtebete falta den honetan, hartutako konpromiso garrantzitsuetako bat bete du.
Eraikinaren kanpoaldean egin dira lanak, bero-galerak murriztu eta energia-eraginkortasuna handitzeko; hau da, isolamendua hobetzeko helburuarekin. Horretarako, bai fatxada, baita estalkia ere berritu dira. Horri esker, Atxulondo Kultur Etxearen energia-kalifikazioa E mailatik C mailara hobetu da. Hobekuntza hori eraikinaren energia-eraginkortasunean izandako aurrerapenaren eta energia-kontsumoa murrizteko egindako lanen emaitza da.
Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak proiektuaren garrantzia azpimarratu du: «Hasieratik argi izan dugu udal-eraikinak hobetzea eta jasangarritasunaren alde egitea lehentasunezkoa dela. Atxulondoko obra horren adibide da. Energia-eraginkortasuna hobetu dugu, eraikina erosoagoa da orain eta legealdian hartutako konpromiso garrantzitsu bat bete dugu».
Egindako hobekuntzei esker, eraikinak energia-kontsumoa murrizten lagunduko du, eta erabiltzaileei espazio erosoago eta jasangarriagoa eskainiko zaie. Gainera, obraren emaitzen lehen zantzuak uda honetan bertan nabaritu ahal izan dira. Izan ere, azken hilabeteotako beroaldietan eraikinaren barrualdea ez da beste batzuetan bezainbeste berotu.
Besteak beste, urte honetako maiatzaren 27an, beroaren ondorioz, Atxulondon aurreikusitako ekintzak herriko beste espazio batzuetara lekualdatu behar izan ziren. Uztaileko beroaldian, aldiz, eraikinaren barruan egotea erosoa zen.
Obra honekin, Zizurkilgo Udalak aurrerapausoak eman ditu Atxulondo Kultur Etxearen energia-eraginkortasunean, eta espazio erosoagoa eta jasangarriagoa eskaintzeko bidean. Era berean, udal-eraikinen energia-kontsumoa murrizteko eta udalerriko ekipamenduen jasangarritasuna hobetzeko konpromisoa berretsi du.
Lanen kostua eta diru laguntzak
Urbycolan enpresari esleitu zitzaion obra gauzatzea. Obrak 391.482,48 euroko aurrekontua izan du, eta Zizurkilgo Udalak 150.000 euroko diru laguntza jaso du proiektua gauzatzeko. Egitasmoa Europar Batasunaren NextGenerationEU programaren bidez finantzatu da, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.