2183. urtera arte Euskal Herrian berriro ikusi ezin izango den fenomeno astronomikoa ikusteko aukera izan da gaur: eguzki-eklipse osoa. 19:30 aldera, ilargia eguzkia estaltzen hasi da, eta ordubete eskasera, 20:27an, osotasun-fasea hasi da. 21:30 aldera, normaltasunera itzuli da zerua.
Eskualdean partzialki ikusi da eklipsea, eta Zizurkilgo Herrigunean bat egin du Andre Mari jaien hasierarekin. Jaien hasiera iragarri duten bi suziriak lehertzerako, ilargia eguzkia estaltzen ari zen, baina osotasun-fasea hasi aurretik, plaza ondoko gune batean jarri dira herritarrak, eklipsea ikusteko betaurreko bereziak jantzita.
Txundituta begiratu dute eklipsea. Uneoro elkarri esaten aritu dira ilargiak eguzkia zenbat estaltzen zuen. Zenbaitek unea betirako gorde nahi izan dute, argazkiekin. Inork ez du galdu nahi izan mende honetan eskualdean behin bakarrik biziko dugun fenomeno astronomikoa.