Zizurkilgo Udalak neurri berriak ezarri ditu Herriguneko ekarpen gunean. Aurrerantzean, errefusaren edukiontzia baino ez da egongo gunearen barruan; ontzi arinen, paperaren, olioaren eta kafe-kapsulen edukiontziak, berriz, kanpora atera dituzte. Barruan, errefusaren hiru edukiontzi baino ez dira egongo, eta bertara sartzeko txartela beharko da, sarraila elektronikoa jarri baitute.
Laster, gainera, errefusaren edukiontzien estalkiek ere sarraila izango dute; hortaz, haiek irekitzeko ere txartela beharko da. Txartelak udaletxean eskatu beharko dira.
Udalak hiru arrazoirengatik hartu du erabakia: azkenaldian izandako sabotajeak saihesteko —sarrailak eta kableatua hautsi edo lapurtu izan dituzte—; hondakinen kudeaketa hobeto kontrolatzeko; eta gunearen txukuntasuna bermatzeko.
Ugareko auzo-konpostatze gunea
Duela pare bat hilabete, auzoko bizilagunen eskaerari erantzunez, Ugareko auzo-konpostatze gunea jarri zuen martxan udalak. Orain, berriz, haren erabilera egokia nabarmendu du.
Udalak etengabe egiten dio jarraipena auzo-konpostatze guneari, behar bezala funtzionatzen duen eta helburuak betetzen dituen egiaztatzeko. Hasierako egunetako gorabehera batzuk alde batera utzita, arduradunek adierazi dute gunea behar bezala erabiltzen ari direla, eta konpostatze prozesua ere egoki garatzen ari dela.
Dagoeneko lehen konpostagailua bete dute, eta hondakinak hurrengo fasera lekualdatu dituzte. Hemendik aurrera, lau konpostagailuak bete ahala eta prozesuaren lau faseak osatu ondoren, Ugareko lehen konposta eskuratuko dute.
Udalaren esanetan, herritarren inplikazioa funtsezkoa da. Horregatik, eskerrak eman dizkie hondakinak modu arduratsuan kudeatzen dituzten herritar guztiei, «haien konpromisoarekin eraikitzen baita herri garbiagoa, jasangarriagoa eta eraginkorragoa»
