Bilera irekia egingo dute urriko azoka antolatzeko

Ataria 2026ko ekainaren 25a

Iriarte kultur etxean egingo dute bilera asteartean. Udal ordezkariek eta herriko ekoizleek herritarrak gonbidatu dituzte urri hasierako azoka bereziko antolaketan parte hartzera.

Urria hasieran Zizurkilgo Herrigunean azoka berezia egingo da. Udalak herriko ekoizleekin batera antolatzen du ekitaldia, eta aurtengo edizioa herritarrekin elkarlanean antolatu nahi du. Horregatik, asteartean, ekainaren 30ean, bilera egingo dute udal ordezkariek eta ekoizleek herritarrekin batera Iriarte kultur etxean 19:30ean.

Herritarren babesa, inplikazioa, parte hartzea eta konpromisoa funtsezkoak dira azoka aurrera eraman ahal izateko. Horrela uste du Izarne Zelaia kultura zinegotziak: «Azokaren izaera indartzeko bertako eta tokiko kontsumoa sustatzea behar-beharrezkoa iruditzen zaigu, eta herritarrek herrian dugun produktua ezagutzea». Hain zuzen, ekoizleak jarri nahi dituzte azokaren erdigunean, euren produktuak ezagutarazteko eta egiten duten lanari balioa emateko.

Urria hasieran egingo duten azoka berezian, herriko baserritarren produktuen dastaketa egin asmo dutela aurreratu dute udal ordezkariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!