ELKARRIZKETA

«Kantuak potentzial handia du eta hegoak eman zizkigun liburua sortzeko»

Jon Miranda Labaien 2026ko ekainaren 10a

Iratxe Esnaola eta Izarne Zelaia Aran txan txan album ilustratuaren sortzaileek azaldu dute mundu osoko haurren kanta batean oinarritu dutela liburua, eta iruditeri propioa eraiki dutela haren inguruan.

Aurten, herriko sortzaileen lana ezagutaraztea izan du helburu Maiatza Saltsan egitasmoak. Zizurkilen bizi den Izarne Zelaia Arratibelek (Donostia, 1984) eta Iratxe Esnaola Aldanondok (Donostia, 1983) elkarrekin argitaratu dute Aran txan txan (Txalaparta, 2026) album ilustratua. Maiatzaren 27an aurkeztu zuten lana Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian.

Noiztik ezagutzen duzue elkar?

Izarne Zelaia. Gazte garaitatik, Piraten mugimendutik... Donostiarrak gara biak, eta han ezagutu genuen elkar. Inguru komuna izan dugu.

Iratxe Esnaola. Lagun komunak izan ditugu, eta auzotik ezagutzen genuen elkar. Azken batean, Donostian euskal mundua ez da hain zabala. Belaunaldi kide izanda, ez da hain zaila elkar ezagutzea.

Non piztu zitzaizuen liburu hau egiteko ideia?

Esnaola. Duela bost urte etorri zitzaidan ideia. Ilobekin jolasean ari nintzela, nik esaten dudan moduan, ideia «deskargatu» egin zitzaidan. Aran txan txan kantua entzun, eta pentsatu nuen abesti horrek ez daukala imajinariorik. Iruditu zitzaidan oso gauza ederra izan zitekeela hutsune hori betetzea. Kantua hartu, eta herri bat irudikatu nuen: alde batean arantxantxandarrak, eta bestean guligulitarrak. Hor hasi zitzaidan zabaltzen iruditeria, eta horrela sortu zen ideia printza.

Non du jatorria kantu honek?

Esnaola. Ideia etorri zitzaidanean eta arakatzen hasi nintzenean, lehen sorpresa izan zen konturatzea kantua mundu mailan ezaguna dela. Lehenengo aurkikuntza Maroko iparraldean egin nuen: esanahi handirik ez duen herri kanta bat da; a ram sam sam, a ram sam sam, guli guli guli guli esaten du, eta a rafiq hitzarekin amaitzen da. Hori da han kantatzen den bertsioa. Gero, ordea, ikusi nuen kantu horren bertsioek milioika ikustaldi zituztela AEBn. Australian, Alemanian eta Frantzian ere beste hainbeste. Konturatu nintzen ez zela guk kantatzen genuen zerbait bakarrik, mundu mailako hit bat baizik.

Zelaia. Ez da, askok uste genuen bezala, Takolo, Pirritx eta Porrotxen kanta bat bakarrik [barrez].

Esnaola. Ez da gurea, ez da hemengoa... Mendebaldeko gizartea deitzen dioten horretan ume askok kantatzen dute. Horrek hegoak eman zizkidan liburua sortzeko, potentzial handia ikusten bainion istorioari.

Marra batek Guliaran herria bitan banatzen duela dio sinopsiak.

Zelaia. Bai, eta marra hori liburuaren erdiko tolesdura bihurtu da. Istorioak berak lagundu digu konposizioa nolakoa izango zen erabakitzen. Erdiko marra horrek berezko presentzia hartu du. Arantxantxandarrak alde batean geratzen dira, guligulitarrak bestean, amaierara arte. Zain egon behar da jakiteko zer gertatzen den. Hasierako tirabiretatik abiatu, eta adiskidetu egiten dira, abestia behin eta berriz kantatzearen poderioz.

Gero eta azkarrago kantatzen da kantua. Erritmo horri jarraitzen dio albumak ere?

Esnaola. Hitzak sortzerakoan oso presente izan nuen ez dela ipuin arrunt bat. Umeek jadanik badute beren imajinarioan, eta ez bakarrik han: gorputzean ere badute barneratua. Kantu hau gorpuztua dago. Pentsatu nuen irakasle edo hezitzaileentzat ere artefaktu interesgarri bat izan zitekeela.

Testua bion artean egin duzue?

Esnaola. Nik egina nuen testua, eta ilustratzaile bila nenbilen. Zortea izan nuen. Izarne berehala prest azaldu zen.

Zelaia. Iratxe oso malgua izan da. Bion artean egin dugu lana, irudia eta testua osagarri izan zitezen. Irudiek zerbait kontatzen bazuten eta komeni ez bazen xehetasun hori testuan errepikatzea, Iratxe oso prest egon da aldaketak egiteko.

Nolako ilustrazioak jaso dituzu, Izarne?

Zelaia. Testuak esaten duenaz harago kontatzeko ahalegina dago. Istorioari irudien bidez ekarpena egitekoa. Hortik etorri da Arabiren pertsonaia, gure Mari jainkosa formaz aldatzen den horretan inspiratuta.

Zein kolore erabili dituzu?

Zelaia. Bilatu behar nuen kontrastea elkarren kontrako bi alderen artean, eta, aldi berean, erdian egongo zen elementu garrantzitsu horrekin ondo ezkonduko ziren koloreak. Azkenean, hiru kolore primarioekin jolastearen alde egin dut.

Gustura aritu zarete elkarlanean?

Esnaola. Nik ilustrazioez eta irudigintzaz batere ez dakit. Ez da esamolde hutsa; ez dut neure burua horretan oso abila kontsideratzen. Horrez gain, uste dut artistak libertatea behar duela. Noizbait oinarrizko irizpideren bat eman dezaket, baina berriro ilustratzaile batekin elkarlanean aritu beharko banu, berriro emango nioke askatasun osoa. Ñabardura txikiren bat edo beste egon da, baina, bestela, artistari konfiantza osoa ematekoa naiz. Uste dut horrela behar duela izan.

Zenbat denbora behar izan duzue lan egiteko?

Zelaia. Ez dakit zenbat lan eman didan orduetan neurtuta. Bilaketa lan handia egin nuen albuma nola egingo nuen erabaki aurretik. Umeei begira zer eskaini nezakeen pentsatzen aritu nintzen, pertsonaia horiek nolakoak izan zitezkeen irudikatzen. Azkenean, erabaki nuen nire egiteko moduari fidela izatea, eta ez irudiak samurtzea edo biguntzea umeentzako izanagatik. Hori askotan gertatzen da gaur egun ipuin klasikoekin ere. Baina umeak ez dira inozoak, eta oso ondo ulertzen dute irudien hizkuntza hau ere.

Zein adinetako umeentzako dago pentsatuta liburua?

Zelaia. Uste dut abestia gustuko duen edozein umek aurki dezakeela bere tokia liburu honetan.

Esnaola. Uste dut istorioak baduela bere drama, eta hori jarraitzeko gai den edonorentzat dela. Oraindik ere kantuak erakartzen bazaitu, albuma ere zuretzat da; helduak barne.

Zein balio gustatuko litzaizueke lantzea albumarekin?

Esnaola. Nik ez dut horrela lan egiten, baina egia da balioak atzetik permeatzen direla. Ez dugu liburuaren trama argituko, baina esan dezagun pertsonaiak bitan bereizita daudela, eta istorioaren bidez batu egiten direla. Azken batean, egoera polarizatu baten aurrean, Arabi jakintsua agertzen da, eta elkartzeko bide emango du. Ez da apropos egindako zerbait, baina mezu hori ere hor dago.

Zelaia. Irakurketa sakonago bat egin nahi bada, badaude azal kolore ezberdineko pertsonaiak ere. Horri keinu egin nahi izan diot: azal kolore ezberdineko bi taldeak bereizita daude, eta bukaeran nahastu egiten dira.

Bizikidetzarako proposamen bat da?

Esnaola. Bai, noski.

Nola aurkeztu zenuten liburua Plazida Otañon?

Zelaia. Kontakizun antzeztu bat egin genuen, gutxi gorabehera. Umeen parte hartzea sustatu nahi izan genuen; ez genuen ipuina besterik gabe kontatu nahi. Ipuineko hainbat elementu hartu eta kontakizunerako baliatu genituen: horma-irudi bat jarri genuen, atrezzo moduan, beraiek ere margotu zezaten; bi taldetan banatu genituen bertaratu ziren umeak...

Txalapartan argitaratu duzue liburua. Zer moduzkoa izan da edizio lana?

Esnaola. Testuari dagokionez, ez du luze jo. Urte luzez eraman dut testua nirekin, eta nahiko zehaztua zegoen. Tipografia eta estetikarekin lotutako xehetasun batzuk kenduta, erraz joan da harremana argitaletxearekin. Aurretik lan handia egina geneukan, eta horregatik joan da hain xamur edizio prozesua.

Zelaia. Irudiari dagokionez ere, ez da konplikazio handirik izan.

Zein ibilbide izango du album ilustratuak?

Zelaia. Ez dugu aurreikusita beste aurkezpenik egitea. Bat eta bakarra izan da Zizurkilgoa. Auskalo zer dakarren.

Zuretzat, Izarne, lehenengo lana izan da ilustratzaile gisa?

Zelaia. Bai. Niretzat erronka handia izan da, eta asko ikasi dut bidean. Jendaurrean jartzeak bertigoa ematen du; besteen iritzi eta kritiken aurrean jartzen zara. Edizio lana ere gustatu zait; interesgarria izan da argitaletxe batekin nola lan egiten den ikustea. Prozesuaren alderdi asko ezagutu ditut.

Ez da azkena izango?

Zelaia. Espero dut ez izatea azkena. Ideiak badauzkat buruan, baina egia da denbora asko behar dela horrelako proiektuak aurrera eramateko. Sektorea nahiko prekarioa da, eta egindako lana ez da beti behar bezala aitortzen; beraz, ez da erraza norberaren proiektuetarako denbora ateratzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!