Eskola Txikien Festa 2026

Aldarria eta jaia uztartuko dituzte Eskola Txikien Festan

Ataria 2026ko ekainaren 9a

Zizurkilgo Mendigain eskolak antolatuko du festa igandean, 200 boluntarioren laguntzaz. Autobus zerbitzua jarriko dute egun osoan Herrigunera igotzeko.

Zizurkilgo Mendigain eskolak antolatuta igandean egingo dute Gipuzkoako Eskola Txikien Festa. Pertsona guztien beharretara egokitutako jaia prestatu dute, bederatzi gunetan banatuta. Urkamendi guraso elkartearen gidaritzapean, «auzolan erraldoia» egingo dutela azpimarratu dute antolatzaileek; 200 lagun ariko dira boluntario lanean.

Festarako gonbita zuzena egin du Eñaut Sorrarainek, Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeko lehendakariak: «Festa giroan elkartuko gara herri eta auzo txikietan eskola izateak duen garrantzia aldarrikatzeko». Norabide berean mintzatu da Ander Jimenez, Baikarako ordezkaria: «Eskola txikiek eta herri txikiek elkar elikatzen dute, elkar indartzen dute, eta elkarrekin eraikitzen dute gure herriaren etorkizuna». 

Herri eta auzo txikiak euskal kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile direla uste du, berriz, Irati Manzisidorrek, Eskola Txikietako irakasleen koordinatzaileak: «Ez dugu lo-leku eta argazki idilikorik nahi; herri eta auzo txiki biziak nahi ditugu. Biziak eta bizitzeko modukoak». 

Hori da Zizurkilgo Herrigunearen kasua, eta ezinbesteko funtzioa betetzen du bertan Mendigain eskolak. Maitane Telletxea eskolako zuzendariak nabarmendu du 60 ikasle dituela eta bizi-bizirik dagoen eskola dela. Gogoan hartu du, 1998an ere Zizurkilen antolatu zutela Eskola Txikien Festa. «Eskolari eusteko borroka egitea egokitu zitzaien orduko kideei. Txikitasun hartan gauza handia egin zuten, eta gaur bezala, ilusioz aritu ziren. Orduko ahaleginak, eta hurrengo urteetan egindako lanak, emaitza ederrak utzi dituzte».

Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak aurreikusi du «ederra» izango dela datorren igandeko festa. «Boluntarioei eskerrak eman beharrean gaude. Urte osoko lanaren fruitua biziko baitugu datorren igandean».

Herrigunera autobusez

Festaren egunean ezingo da Zizurkilgo Herrigunera kotxez igo. Antolatzaileek inguruan hainbat aparkaleku prestatu dituzte, eta autobus zerbitzua izango da egun osoan martxan. Elbarrenako biribilgunean eta Zubiaurretxon egingo ditu geldialdiak, eta etenik gabe ibiliko da 09:30etik 20:00etara. Bisitariek Herrigunera igotzeko «modu erosoa» izango dutela azpimarratu dute antolatzaileek eta ohartarazi dute Olentzo aldeko errepidea erabat itxita egongo dela.

Egitarauari erreparatuta, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrentzako eskolarteko jolasak izango dituztela azpimarratu dute. Urkamendi guraso elkartearen izenean hitz egin du Aratz Alkortak: «Arreta berezia jarriko dugu haurrek ez dezaten eguna soilik euren eskolako lagunekin pasa. Saiatuko gara umeei aukera ematen beste herrietako haurrekin jolasteko, nahasteko eta elkar ezagutzeko». 

Festa guztientzat gozagarria izan dadin, antolatzaileek nabarmendu dute lasai-gunea eta edoskitze gunea zabalik izango direla egun osoan Mendigain eskolan.

Ekainak 14, igandea

  • 10:30. Harrera - Lekukoa.
  • 11:00 - 12:00. Haur Hezkuntzakoen jolasak.
  • 11:00 - 13:00. Lehen Hezkuntzakoen jolasak.
  • 11:30 - 16:30. Egurrezko jolasak.
  • 11:30 - 12:30. Loatzo musika eskolakoen kalejira.
  • 12:00 - 13:00. Haur Hezkuntzako ikasleentzat Kontalari2 ipuin saioa.
  • 12:00 - 16:30. Galtzagorri elkartearen eskutik liburuen altxorra. 
  • 12:00 - 16:45. Tailerrak: aurpegi margotzea; pin-en sorkuntza; kalabazen eskulanak; egurrezko xaflekin eskulanak; estanpazio botanikoa; henna tailerra...
  • 12:30 - 13:30. Muxikoak eta dantza gidatuak, Bukalai dantza taldearen eskutik.
  • 13:00 - 16:45. Puzgarriak. Uretako puzgarrietan ibiltzeko, aldagarriak eramateko gomendioa egin dute.
  • 13:30 - 14:30. Herriko erraldoien kalejira.
  • 14:00. Herri bazkaria.
  • 14:45 - 16:45. Zirku tailerra.
  • 15:00 - 17:00. Magoak kalean zehar.
  • 15:30 - 16:30. Bertso tailerra Harituz bertso eskolaren eskutik.
  • 16:30 - 17:30. Mulambo batukada.
  • 17:30. Irri, kantu eta dantza ikuskizuna, Porrotx eta lagunekin. 
  •  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!