Hodei Arrastoak San Vito audiogida aurkeztuko du igande honetan, Maiatza Saltsan egitasmoaren barruan. Parte hartzea doakoa izango da, baina antolatzaileek aurrez izena emateko eskatu dute, aurreikuspenak egin ahal izateko. Horretarako, bulegoa@zizurkil.eus helbidera idatzi edo udal bulegoetan eman beharko da izena.
Arrastoak Francesc Cuellarrek sortutako proiektuan oinarrituta ondu du igandean aurkeztuko duen proposamena. San Vito audiogidak bi ibilbide izango ditu: bata Herrigunerako —San Bittor— eta bestea Elbarrenarako —Santa Vitoria—. Bi audiogidak independenteak dira, eta banaka nahiz elkarren osagarri egiteko aukera egongo da.
Parte hartzaile bakoitzak mugikorra eta entzungailuak eraman beharko ditu, QR kodeak irakurri eta audiogida jarraitu ahal izateko. Arrastoa bera izango da bidelagun, eta Iraitz Lizarraga eta Kepa Errasti aktoreen ahotsek lagunduko dute esperientzia. Errealitatea eta fikzioa uztartuko dituzte ibilbidean.
San Vito audiogida igande honetan aurkeztuko dute lehen aldiz. Herriguneko saioa 11:00etan abiatuko da udaletxetik, San Bittor audiogida egiteko. Ondoren, 12:30ean Elbarrenara jaitsiko dira, eta Joxe Arregi plazatik abiatuta egingo dute Santa Vitoria audiogida.