Espainiako hainbat hedabidek laudatu dute Rachid Bren (Asilah, Maroko, 1976) lehen diskoa: El Ghorba. Rockdelux eta Muzikalia aldizkarien zerrendetan agertu da, eta 2025eko disko onenen artean sartu dute ABC Cultural, El Periodico edota Hipersonica agerkariek. Bihar, gitarra eskuan, Zizurkilgo Pasus tabernan ariko da, lagunartean.
Zein izan zen zure migrazio prozesua?
25 urte daramatzat Madrilen bizitzen. Bisa artistiko batekin etorri nintzen erakusketa batean parte hartzera, nire herrialdean eta nazioartean ezaguna den Mohamed Melehi pintorearen eskutik. Eta, azkenean, geratu egin nintzen. Gaur egungo bikotekidea ere izan zen Madrilen geratzeko beste arrazoietako bat.
Artearekiko zaletasuna nondik datorkizu?
Asilahn jende guztiak pintatzen du. Ezaguna da hango nazioarteko kultur jaialdia, eta haren barruan umeentzako tailerrak antolatzen zituzten. Guk txikitatik izan genuen pinturarako sarbidea; musikarekin ere antzera gertatu zen. Oso festazaleak gara, eta etxe guztietan dago presente musika. Nire amak darbuka jo izan du betidanik; ez profesionalki, baina bai zaletasunez. Gaztetan, perkusioa eta gitarra jotzen zituzten lagunak nituen, eta haiekin hasi nintzen musika egiten.
Perkusionista gisa definitzen duzu zeure burua?
Baliteke. Nik oso berandu ikasi nuen gitarra jotzen. Ez dut, hala ere, aparteko mailarik; lau akorde erakutsi zizkidaten, eta horrekin moldatzen naiz. Darbuka, berriz, betidanik jo izan dut.
Madrilera iritsitakoan jarraitu zenuen musika jotzen?
Hasieran oso zaila egin zitzaidan bertako bizimodura egokitzea. Behin ohitzen hasi nintzenean, bikotekideak zuen gitarra espainiarra lardaskatzen hasi nintzen. Gero beste bat erosi nuen, eta festaren bat egokitzen zitzaidanean animatzen nintzen jotzera. Baina ez ziren aukera asko izaten. Gainera, nik ez dut inoiz banda bat bilatu; momentuaz gozatu nahi izan dut, eta horrekin nahikoa izan dut.
Beti konposatu dituzu zeure kantuak?
Bai, beti, baina ez ditut inoiz kantuak gero grabatzeko asmoz egin; niretzat sortu izan ditut. Hala ere buruan nuen abesti horiek nonbait gordetzea, nolabait ondare hori nire seme-alabei eta lagunei uztea.
Nola sortu zaizu zeure kantuak grabatzeko aukera?
Ez dakit zoria izan den edo kasualitatea, baina dena emanda etorri zait. Hortaleza auzoan bizi naiz, eta Danos Tiempo elkarteari esker ezagutu nuen David Rodriguez, diskoaren ekoizlea. Behin esan zidan haren estudiora joateko, egiten nuena entzun nahi zuela. Maketa bat grabatu genuen, eta lagunartean zabaldu zuen. Horri esker ezagutu nituen Club del Disko elkarteko Sergio Miera eta César Dos Santos.
Haiek proposatu zizuten diskoa ateratzea?
Bai. Tematu egin ziren, nahiz eta nik esaten nien oso garestia zela binilo bat ateratzea. Sergio, César eta haiekin batera Ignacio Garibaldik enpeinua jarri zuten, eta azkenean hala atera genuen diskoa iazko udazkenean. Nik ez nuen pretentsiorik: ondo pasatzea, auzoan diskoa zabaltzea eta, emanaldiren bat sortuz gero, han jotzea zen nire hasierako asmoa.
Eta espero ez zenuen oihartzuna izan du diskoak.
Hori da. Ez dakit zergatik gertatu den [barrez]. Txundituta nagoela esan dezaket. Nik olatuari jarraitzen diot. Polita da jendearen feedbacka jasotzea, eta mezuak irakurtzea. Ederra da hain pertsonala den zerbaitek horrenbesteko oihartzuna izatea.
'El Ghorba' du izena diskoak. Zer esan nahi du?
Zaila da itzultzen, baita definitzen ere. Bi lurralderen artean egon eta bakar baten parte ez zareneko sentimenduari egiten dio erreferentzia. Nostalgia da. Migratzaileok etengabe buruan dugun itzultzearen ideia hori aipatzen da kantuetan; utopia bat da, azken batean, itzultzen zarenean gauzak ez direlako lehen bezala egoten. Zure lagunak ez dira berdinak, zure auzoa ere ez... Ezustea hartzen duzu, eta zeure buruari galdetzen diozu: «Zer egingo dut nik orain?».
Tristura da sentitzen duzuna?
Ez, ez da tristura; migratzaileok emozionalki ordaindu beharreko faktura baizik. Materialki hobeto egon gaitezke, bai, baina ordainsaria izugarria da. Neurrigabea.
Sentimendu horri kantatzen diozu zuk?
Bai. Putakeria da zure lurra utzi behar izatea; putakeria galanta. Ni oso nostalgikoa naiz. Bizipen asko gordetzen ditut. Hain toki ederrean bizi izan naiz, hain haurtzaro eta gaztaro oparoak izan ditut, non pena ematen didan une horiek berriz ez bizitzeak. Ezinezkoa den zerbait desiratzen ari naiz, badakit. Horregatik diot kontziente eta presente egon behar dugula daukagunarekin; bizitza iheskorra eta efimeroa da.
Musikalki nola definitzen dituzu kantuok?
Oso ikuspegi pertsonaletik sortutakoak dira, baina behin grabatuta, dagoeneko ez dira nireak. Beraz, jendeak esan dezala zer iruditzen zaion.
Zein hizkuntzatan daude idatzita kantuak?
Dariyan kantatutako abestiak dira. Diskoaren indarguneetako bat da hori. Maroko osoan hitz egiten den herri hizkera da dariya. Argi neukan disko bat ateratzekotan hizkuntza horretan izan behar zuela, hobeto adierazten naizelako eta, hala, jendearengana errazago iristen naizelako. Hala ere, Bandcampeko nire profilean gaztelaniara itzulita daude hitz guztiak. Maitasunaz, laguntasunaz, lurraz, familiaz eta halako gaiez hitz egiten dute kantuek.
Jendeari gustatu zaizkio?
Hori da harrigarriena. Nola gustatzen zaio jendeari hitzak ulertzen ez baditu? Entzule askok Georges Moustakirekin edo Leonard Cohenekin lotzen dute nire musika. Agian kantatzeko moduagatik iristen naiz jendearengana.
Zeintzuk dira zure erreferentzia musikalak?
Aipatu ditudan kantautore horiek esango nituzke, baita Bob Dylan ere. Nire gaztaroan reggae asko entzuten zen; Bob Marley, adibidez. Musika anglosaxoiari dagokionez, Pink Floyd asko entzuten genuen. Eta gero, flamenkoa, Ketama bezalako pop taldeak, Joan Manuel Serrat eta halakoak... Asilah gune turistiko garrantzitsua da Marokon, eta eragin asko jaso genituen garai hartan. Pentsatzen dut han ere, hemen Euskal Herrian gertatzen zenaren antzeko zerbait gertatzen zela: Espainia toki iluna zen garaian, Frantziako Estatuaren gertutasunagatik, errazago iristen zitzaizkizuen kanpoko eraginak hona.
«Putakeria galanta da zure lurra utzi behar izatea»
Euskal Herrian izana zara inoiz?
Gutxitan izan naiz. Oso garestia iruditzen zait; luxu handiko tokia [barrez]. Joan nintzen lehen aldian iruditu zitzaidan ikaragarri ongi zainduta zegoela. Nabaria da aberatsa dela, eta kultura handia dagoela. Donostian egon nintzen, eta Zizurkilen ere bai, lagunak baititut han.
Zer sentimendu dituzu ostiraleko emanaldiari begira?
Pozik baino gehiago, hunkituta nagoela esango nuke. Ikusi dut ikaragarrizko festa prestatzen ari direla; familiarteko emanaldi baten antzekoa izango da, niretzat oso berezia. Hori baino hoberik ez dago. Eta jendeari esango nioke etortzeko ni ikustera: Asilahtik etorritako pertsona baten koaderno pertsonala bisitatzeko aukera izango da, musika formatuan.
Aurrera begira, zein asmo?
Ez diot nire buruari ezer planteatzen. Ez dut oraingo abagune hau aprobetxatzeko beharrik sentitzen. Ez naiz musikatik bizi. Oxala aukera izango banu, baina gaur egun nire egunerokotik aparteko zerbait da. Eta gozatzen dudan bitartean, jarraituko dut.