Elkarrizketa

«Gure kirola izateaz gain, gure kultura da»

Joxe Anjel Sarasola / Asier Imaz 2026ko maiatzaren 13a

Aurreko urtetik Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko lehendakaria da Izaskun Arruti (Zizurkil, 1979). 2001az geroztik Urretxun bizi da. Lau urtez federazioaz arduratzeko taldea osatu dute, eta tartean dago Juan Manuel Erasun zizurkildarra.

Zer moduz doa orain arteko esperientzia federazioan?

Iazko ekainean sartu ginen, eta pixkana goaz. Hasieran txapelketa garaian egon ginen, eta gero neguan zehar lasaiago egon gara. Halere, barruko lanak egiten aritu gara.

Taldea sortzea kostatu egin zen, jendea ez zelako animatzen.

Lehenengo deialdian inor ez zen aurkeztu Gipuzkoako Federaziora. Arazoa zen lehendakari postua hartuko zuen pertsona topatzea. Bigarren deialdian nire burua eskaini nuen, eta astebetean osatu genuen taldea.

Zeintzuk zaudete taldean?

Ni lehendakari bezala nago; Juan Manuel Erasun lehendakariorde; Xabier Barrenetxea, Malen Barrenetxearen aita; Josu Iradi Gipuzkoako epaile burua; Joxe Ramon Iruretagoiena, Izeta Harri Eskolaren izenean; kirolari bezala Lierni Osa, eta gero idazkari bezala Javi Urresti.

Herri kirolen munduan eskarmentua duten pertsonak daude, beraz.

Bai, esan daiteke freskoena ni naizela.

Herri kirolen mundura nola iritsi zinen?

Kasualitatez. Ni Urretxu-Zumarraga herri kirol elkarteko idazkaria naiz. Eta han zuzendaritza aldatu egin behar zen, eta inor ez zen aurkeztu. Administrazioa zen arazorik handiena; senarra taldean zegoen, eta etxera etorri zen eta hori azaldu zuen, eta nik nire burua eskaini nuen eta horrela sartu nintzen.

Kirolariek txapelketetan parte hartzeko klub batean egon behar omen dute.

Kirolaren lege hori atera ondoren, teorian 2026an aplikatzen hasi beharko genuke. Baina etxeko lanak ez ditugu guztiz ondo eginda. Klub baten barruan egotearena ez da inon ageri, baina horretara goaz. 2023rako mahai gainean jarritako zerbait da, denbora bat darama mahai gainean eta azkeneko momentura arte ez gara mugitu. Orain denok estu eta larri gabiltza gai horren inguruan.

Herri kirola norbanakoen kirola izan da gehienbat. Orain taldeak badaude; horrek on egin die herri kirolei?

Nik uste dut baietz. Bizimodua aldatzen doan eran, moldatzen joan behar dugu. Lehen borondate handia behar zenuen aritzeko, eta orain ondokoaren babesarekin motibazioa sortzen da, eta horrek erakargarriagoa egiten du. Klubak eratzeak badu bere lana. Kontua da arrasto horretatik joan beharra dugula, jarraitu nahi badugu behintzat. Ez gaituzte utziko gure kaxara, eta hortik pasa beharko dugu. Hasieran ikusten zen libre geratuko ginela, baina azkenean ez da horrela izango. Herri kiroletan adibidez sokatira taldekako diziplina bat da, eta hori bazegoenez, arrastotik pasatzera bultzatu digu administrazioak.

Sokatira aipatu duzula, Gipuzkoan Ibarra eta Mutriku daude. Gipuzkoan ez da txapelketarik egiten, ezta?

Hori da. Herri kiroletan taldekako kirolek ez dituzte hainbeste kide, eta kosta egiten da. Sokatiran goma gainean Ibarra dugu eta lur gainean Mutriku, eta gustatuko litzaiguke talde gehiago egotea. Federazioko taldean esaten dugun moduan, hemezortzi seme-alaba ditugu, hau da, hemezortzi kirol ditugu, eta batzuek behar gehiago dituzte beste batzuek gutxiago, baina guztien alde egin behar dugu.

Euskadiko Federazioaren egoera, Gipuzkoako Federaziotik begiratuta nola dago?

Batzar bat izan genuen otsailaren 21ean, eta uste dut bideratzen goazela. Ate bat ixteko aukera dugu, beste bat zabalduko den esperantzarekin. Prozedura horretan gaude, eta beste atea irekitzen den heinean erritmoa hartzen joatea eta egoera aldatzen joatea espero dugu.

Zerotik hasi behar da?

Ez dakit zerotik hasi behar den. Aurreko lehendakariak bere fasea bukatu zuen. Iaz aurkeztu behar zuen lehendakari berri batek, eta inor ez zen aurkeztu, eta horregatik funtzioetan aritu da. 2025 bukaeraren ondoren ez zuela txapelketarik antolatuko esan zuen, eta horrela izan da.

Gaur egunean nahi ditugu gauzak izan, baina inork ez du ardurarik hartu nahi. Gazte guztiak horretara ohitzen ari dira. Lehen auzolana, babesa zegoen, eta gaur egun ez dakit galdu egin den, baina ez da egiten. Ez badugu hori transmititzen nola egin nahi dugu aurrera? Ez da federazioaren kontu bat edo herri kirolen kontu bat, edozein elkarte eta esparrutan gertatzen da hori. Azkenen musu-truk ibili behar duzu, ardura duzu, zure bizitzaz aparte eraman beharrekoa da, kritikatzen zaituzte edozein momentutan...

Zer aholku eman dizkizu Ainhoa Etxabe aurreko lehendakariak?

Saiatzeko nire bizitzatik ez dezala denbora gehiegi hartu, baina zaila dela hori kudeatzea. Bestalde, emakume bat zen lehendakaria aurretik eta orain beste bat dago. Agian Ainhoak zailtasun gehiago izan zituen nik baino; hori ikusten dut nire esperientzia urriarekin. Lehenbiziko emakume lehendakaria zen Gipuzkoan, eta bidea zabaldu du, eta ematen du plazetan gero eta presentzia gehiago duela emakumeak, baina adi egon behar da.

Zer helburu duzu lau urte hauetarako?

Helburu nagusia zen federazioan norbait egotea. Azken momentuan sortutako taldea gara, eta pixkana bagoaz. Ea aurrekoari eusteko gai garen, eta zerbait hobetzeko aukera dugun. Ea bultzatzeko aukera dugun galtzen ditugun kirol horiek eta ez direnak hainbeste ikusten. Beste gai bat garrantzitsua ere epaileak dira. Dauzkagunak oso beteranoak dira, eta ez dago berririk. Lan handia egin dute, eta egiten dute, baina txapelketarik ez dugu izango epailerik ez badugu. Azken finean, gure kirola izateaz gain gure kultura da, eta denok pixka bat egiten badugu asko izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!