Hondakinen etxoletan gertatutakoa salatu dute

Ataria 2026ko maiatzaren 12a

Zizurkilgo Udalak neurriak hartuko ditu egoeraren larritasuna ikusita.

Zizurkilgo Udalak hondakinen kudeaketaren aurka egin den azkeneko sabotajea salatu du. Herriguneko bi etxolak kaltetu dituzte, eta ondorio, aurrerantzean ezin izango dira itxi. Gainera, Elbarrenako ekarpen gunearen sarraila ere hainbatetan hautsi dute, eta gaur egun ezin da itxi. Egoeraren larritasuna ikusita, udalak iragarri du neurriak hartuko dituela.

Etengabeko konponketek gastu ekonomiko handia eragiten du eta udalak gogorarazi du gastu horiek herritar guztiek ordaindu behar izaten dituztela. Era berean, erabilera desegokiek sistemaren eraginkortasuna kaltetzen dutela eta hondakinen kudeaketa egokia zailtzen duela uste dute udal ordezkariek.

Denbora luzez ekarpen-guneak, auzo-konpostatze guneak eta etxolak irekita egon diren arren, azken astean itxi eta sarraila elektronikoak aktibatu dira, erabilera egokia bermatzeko. Neurri horren bidez, Zizurkilgo familiek guneak txartelaren bidez irekitzeko aukera dute. Maite Amenabar alkatearen hitzetan, «sarraila elektronikoen bidezko itxierak hondakinen kudeaketa egokia bermatu, erabilera desegokiak saihestu eta herritarren arteko bidezko erabilera ziurtatzea du helburu».

Azken hilabetean Ugaren auzo-konpostatze gune berri bat jarri dute martxan, eta udalaren esanetan harrera «bikaina» izan du. Horregatik, herritarrentzat onuragarria eta herriarentzat positiboa den neurria sabotatu izana salatu du udalak.

Kalteak Pagamuñoko igogailuan

Udalak, bestalde, azkenaldian Pagamuñoko igogailuan egunero gertatzen ari diren jokabide desegokiak salatu ditu. Egoera jasanezinaren aurrean, bizilagunek euren haserrea adierazi dute. Ondorioz, udalak neurriak hartuko ditu gertakarien erantzuleak identifikatzeko.

Aldi berean, Mendigain eskolaren ondoko parkea berritzeko lanak hasiko dituzte egunotan. Gunea prestatzen hasi dira dagoeneko. HIlabete honetan parkea itxita egongo da eta ezingo da erabili.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!