Hobekuntza lan batzuetarako bederatzi hilabetez itxita egon eta gero, Labrit mitikoak bere aro berriko lehen txapelak banatu zituen igandean eta, aukeran emanda ere, nekez izan zezakeen datorren urtean 75 urte bete behar dituen pilotalekuak itzulera ederragorik. Berrikuntzak berrikuntza, Iruñeko bihotzean kokatuta dagoen pilotalekuak bere ohiko itxura berreskuratu du, giro ederrarekin, eta harmailak goraino beteta, 500 pilotazale inguruk kanpoan geratu behar izan zutelarik. Ez da ez erraza ez ohikoa izaten, baina finala ere bete-betea izan zen; orekatua, lehiatua eta azken unera arte emozioari eutsi ziona, eta azkenerako Sagardui-Gaminde, egungo binakako txapeldunek, gaur egungo bikoterik sasoitsuena direla berretsi zuten, Ruiz de Infante-Erasuni 22-20 gailenduta. Eguna borobiltzeko, duela 10 urte Nafarroan emakumezkoen esku pilotan aitzindari izan ziren Aldatze klubeko neskek –Ana Calvok, Ruth Iturbidek, Naroa Iturainek eta Izaskun Solak– merezi bezain omenaldi beroa jaso zuten. Ezin gehiago eskatu.
Kirol arloan Sagardui-Gamindek pronostikoak bete zituzten, ez dira alperrik egungo binakakoaren txapeldunak, baina lana erruz egin behar izan zuten oso lehiakor agertu ziren Ruiz de Infante-Erasunen aurka, final gorabeheratsu batean. Goizuetarra eta Laukizkoa finalaren zati handienean aurretik izan ziren markagailuan eta sendoago aritzeak eman zien garaipena, baina partida hasieran bezala amaieran, hortzak estutu behar izan zituzten partida handia jokatu zuten aurkarien aurrean. Otxandiokoak eta zizurkildarrak ideiak oso argi zituztela irten zuten kantxara, jokoa nahastu eta Gaminde deseroso egotea behar zuten txapela janzteko aukerak izan nahi bazituzten. Pilota beheko txapatik gertu ibilita, hala egin zuten partida hasieran, atzelari gorriari kosta egin zitzaion partidan sartzea eta, arriskuak hartuz, urdinak 4-0 aurreratu ziren. Ruiz de Infantek bizi ibili zuen pilota, Erasunek ere eutsi baino gehiago egin zion Gaminderi eta partida amestu bezala hasi zen bizkaitarra eta gipuzkoarrarentzat.
Hala ere, Gaminde ez zegoen bere palmares izugarrian falta zuen torneoa irabazteko aukerari ihes egiten uztekotan, eta partidan sartzen joan zen heinean, finalaren gidoia erabat aldatu zen. Sagardui zuzen baten laguntzarekin, Laukizkoak finalaren aginte makila hartu zuen eta 14-1eko partzial batekin, garaipena etxerako bidean jarria zuela zirudien 15-6 aurreratu zirenean.
Azkenerako hala izan zen, baina inork uste baino lan askoz handiagoa egin behar izan zuten, Ruiz de Infante eta Erasunek euren garaipenari distira handia eman ziotelako partidari ahal bezala eutsi eta emozioa goren mailara eraman zutelako. Muturreraino lehiakorrak dira otxandioarra eta Zizurkilgoa, fisikoki ere indartsuak dira oso eta markagailua ekartzea lortu zuten tantoak gogortu eta akatsak murriztuta. 16-12 gerturatu ziren lehenengo eta Enara Gaminderi presak sartzea ere lortu zuten 19-17 etorri zirenean. Laukizkoak txapara bota zituen pare bat pilota moztera joan zenean eta partida ikaragarri orekatu zen azken txanpan, pilotalekua bete zuten zaleen gozamenerako.
Pilatutako desabantaila, ordea, handiegia izan zen Ruiz de Infante eta Erasunentzat, eta azkenerako amore eman behar izan zuten; hori bai, Sagardui-Gaminderi susto handi bat eta pilotazaleei gozatu are handiago bat emanda.