Herriko sortzaileak erdigunean izango dira Maiatza Saltsanen

Jon Miranda Labaien 2026ko maiatzaren 5a

Tailerrak, musika eta ekitaldiak: egitarau zabala prestatu dute maiatzerako; sortzaileen parte hartzea sustatu nahi du udalak kultur erabakietan.

Zizurkilgo Udalak uste du komunitatea sendotzeko tresna dela kultura, eta harekiko atxikimendua sortu eta herritarren parte hartzea sustatzeko ekimenak antolatzen ditu urtean zehar. Azken hilabeteotan kulturgintzan dabiltzanen sarea indartzeko apustua egin du udalak eta saiatu da herriko kultura eta euskara mahaia sendotzen. Testuinguru horretan, herriko sortzaileei aitortza egin eta haien lanak plazaratzeko baliatu nahi dute aurten Maiatza Saltsan ekimena.

Izarne Zelaia kultura zinegotziak aipatu du herriko sortzaileak euskara eta kultura mahai horretara erakarri nahi dituztela: «Kulturgintzari dagozkion eztabaidetan eta erabakiak hartzeko uneetan kulturgileen parte hartzea beharrezkoa da». Hain justu, sortzaile horiekin osatuko dute, neurri handi batean, hilabete honetako kultur egitaraua. Zelaiaren hitzetan «asko eta anitzak» dira.

Sortzaileen tailerrak

Izaro Lizarragak ilustrazio tailerra, Macarena Sanchezek idazketa tailerra, Iraitz Lizarragak gorputz adierazpeneko tailerra, Bukalai dantza taldeak moñoak nola egin eta alpargatak nola lotu tailerra eta Virginia Ameztoik artile tindaketa tailerrak eskainiko dituzte, eta Hodei Arrastoa, aktore eta sortzaileak, berriz, San Vito audio-gida prestatu hilaren amaierarako.

16 urtetik gorako herritarrentzat antolatu dituzte tailerrak. Bi ordukoak izango dira, eta doan emango dituzte. Parte hartzeko, ordea, aurrez izena eman beharko da. Tailer bakoitza hasi baino bi egun lehenagora arte egin ahal izango da izen-ematea. Horretarako, bulegoa@zizurkil.eus helbidera idatzi, edo 943 69 10 12 telefonora deitu beharko da (3. luzapena).

Sortzaileek egin duten ekarpenarekin pozik agertu da Ainhoa Larrea kultur teknikaria: «Herri txiki bat izanik ere, sekulako aniztasuna dago sortzaileen artean. Eurei protagonismoa ematea beharrezkoa ikusi dugu eta oso kontentu gaude herriko sortzaileak babesteko hartutako erabakiagatik». 

Askotariko egitaraua

Tailerrekin batera, beste hamaika ekitaldi prestatu dituzte Maiatza Saltsan ekimenerako. Ospakizun bereziak izango dira tartean: maiatzaren 21ean eta 22an Pedro Mari Otaño ikastetxean Udaberri Fest; maiatzaren 22tik 24ra Bukalai plazara! asteburua; eta, maiatzaren 30ean, Aiztondo eta Segundo Montesen arteko senidetze eguna Asteasun.

Egun horretan bertan, hilaren 30ean, Danena Eguna egingo dute herriko futbol zelaian. Baina ez da ekimeneko kirol ekitaldi bakarra izango: maiatzaren 9an haurren biatloia egingo dute, eta maiatzaren 24an, berriz, Pasaka txapelketako finalak; biak Herrigunean.

Bi libururen aurkezpenak ere egingo dituzte Maiatza Saltsan ekimenean. Alde batetik, Iriarte kultur etxean Onintza Enbeitak Bizitza baten txatalak liburua aurkeztuko du maiatzaren 20an. Eta, bestetik, berriz, Aran txan txan ipuin ilustratua aurkeztuko dute Plazida Otaño liburutegian maiatzaren 27an; Iratxe Esnaolak idatzi du liburua, eta Izarne Zelaiak berak ilustratu.

Musika emanaldiak ere azpimarratu ditu Larreak. Atxulondo kultur etxean kontzertua eskainiko du Anarik hilaren 17an, eta maiatzaren 29an, berriz, Pasus tabernan Rashid B musikaria arituko da. Asilahkoa (Maroko) da sortzez eta darija dialektoan kantatzen du. Iaz kaleratu zuen El Ghorba diskoa eta estatuko onenen artean sailkatu dute hainbat hedabidek.

Eskaintza zabala izango da, beraz, aurtengo Maiatza Saltsanen eta udalak jardueratan parte hartzera gonbidatu ditu herritarak. «Sortzaileekin artea partekatzeko aukera ezin hobea izango da, beste hamaika kultur ekitaldiz gozatzearekin batera», adierazi du Zelaiak.

Egitaraua

  • Maiatzak 7, osteguna
    • 18:00. Ilustrazio tailerra Iriarten: Izaro Lizarraga.
  • Maiatzak 9, larunbata
    • 11:00. Herrigunean XVI. Haurren biatloia.
  • Maiatzak 13, asteazkena
    • 17:30. Liburutegian idazketa tailerra: Macarena Sanchez.
  • Maiatzak 15, ostirala
    • Egun osoan. San Isidro.
  • Maiatzak 17, igandea
    • 18:00. Kontzertua Atxulondon: Anari.
  • Maiatzak 20, asteazkena
    • 18:00. Onintza Enbeitaren Bizitza baten txatalak liburuaren aurkezpena Iriarten.
  • Maiatzak 21, osteguna
    • 18:00. Atxulondon gorputz espresio tailerra: Iraitz Lizarraga.
  • Maiatzak 22, ostirala
    • 17:00. Moñoak nola egin eta alpargatak jantzi tailerra Joxe Arregi plazan: Bukalai. Ondoren. Muxikoak eta plaza dantzak Itziar Otamendiren eskutik.
  • Maiatzak 23, larunbata
    • 18:00. Joxe Arregi plazan dantza emanaldia.
  • Maiatzak 24, igandea
    • 18:00. Zimiterioan Pasaka txapelketako finalak.18:00. Joxe Arregi plazatik autobusa Aisterrazuko erromerira.
  • Maiatzak 26, asteartea
    • 14:45. Mendigain eskolan, Bizi dantzan tailerra.
  • Maiatzak 27, asteazkena
    • 18:00. Liburutegian Arantxantxan liburuaren aurkezpena.
  • Maiatzak 28, osteguna
    • 18:00. Artile tindaketa tailerra Zimiterioan: Virginia Ameztoi.
  • Maiatzak 29, ostirala
    • 20:00. Kontzertua Pasus tabernan: Rashid B.
  • Maiatzak 30, larunbata
    • Egun osoan. Senidetze eguna.Egun osoan. Danena Eguna.
  • Maiatzak 31, igandea
    • 11:00 - 12:30. San Vito audiogida: Hodei Arrastoa, udaletxe atarian eta Joxe Arregi plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!