Herriko sortzaileak izango dira protagonista Maiatza Saltsan ekimenean

Ataria 2026ko apirilaren 28a

Ameztoik tindu naturalak erabiltzen ikasteko Etxe-Ondon antolatutako tailerretako bat. RENATA LASZCZAK

Hilabete  osoan iraungo duen kultur programazioaren barruan, Zizurkilgo sortzaileek hainbat tailer eskainiko dizkiete 16 urtetik gorako herritarrei. Izen emateak zabaldu dituzte.

Aurten, Sortzaileak Saltsan izena hartuko du Maiatza Saltsan egitasmoak Zizurkilen. Herriko sortzaileei aitortza egin, eta haien lana herritarrekin partekatzeko aukera ematea izango du helburu.

Maiatzean, hainbat tailer antolatu dituzte. Batetik, haurrei zuzendutakoak izango dira, eskoletan; bestetik, 16 urtetik gorako herritarrei begirakoak, herriko hainbat gunetan.

Helduentzako tailerrak bi ordukoak izango dira, eta doan eskainiko dituzte. Parte hartzeko, ordea, aurrez izena eman beharko da. Tailer bakoitza hasi baino bi egun lehenagora arte egin ahal izango da izen-ematea, gaurtik hasita. Horretarako, bulegoa@zizurkil.eus helbidera idatzi, edo 943 69 10 12 telefonora deitu beharko da (3. luzapena).

Zizurkilen diziplina askotako sortzaileak daudela nabarmendu du udalak, eta haien lana ezagutzeko eta kulturaz gozatzeko deia egin die herritarrei, aurtengo egitasmoaren bidez.

Helduei zuzendutako tailerrak hauek izango dira:

  • Maiatzak 7, osteguna

    • 18:00. Ilustrazio tailerra Izaro Lizarragaren eskutik Iriarte kultur etxean.
  • Maiatzak 13, asteazkena

    • 18:00. Plazida Otañoko gela balioanitzean, Macarena Sanchezez idazketa tailerra emango du: Nola sortu istorio bat hasieratik bukaerara?
  • Maiatzak 21, osteguna

    • 18:00. Gorputz espresio tailerra emango du Iraitz Lizarragak Atxulondo kultur etxean.
  • Maiatzak 22, ostirala

    • 18:00. Bukalai dantza taldekoek moñoak nola egin eta alpargatak nola lortu erakusteko tailerra emango dute Joxe Arregi plazan.
    • Jarraian. Itziar Otamendik gidatuta, plaza dantzak izango dira.
  • Maiatzak 28, osteguna

    • 18:00. Virginia Ameztoik artile tindaketa tailerra emango du Herriguneko Zimiterioan.
  • Maiatzak 31, igandea

    • 11:00. Hodei Arrastoak San Vito Audiogida aurkeztuko du. Zizurkil beste begi batzuen bidez ikusi eta ezagutzeko aukera izango da. Ibilbidea egiteko beharrezkoa izango dira mugikorra eta aurikularrak. Udaletxe aurrean hasiko da ibilbidea. 12:30ean Joxe Arregi plazan jarraituko dute ibilbidearekin. Ez da aldez aurretik izena eman beharko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!