Plazida Otañoren ingurukoa da 'Sustraiak' aldizkariaren azken alea

Ataria 2026ko apirilaren 23a

Hernandorena kultur elkarteak argitaratzen duen aldizkariaren 35. alea bertsolari zizurkildarrari buruzkoa da, eta izen bera daraman liburutegiaren 10. urteurrenaren testuinguruan atera dute. Egunotan, etxez etxe banatuko dute.

Hernandorena kultur elkartearen Sustraiak aldizkariaren azken alea, Plazida Otañori buruzkoa da. 10 urte bete ditu gaur bertsolari zizurkildarraren izena daraman liburutegiak, eta data borobila baliatu dute elkartekoek haren biografia ezagutzera emateko. Egunotan etxez etxe banatuko dute aldizkariaren azken alea.

Mendeetan zehar emakume sortzaileek egindako isilpeko lanari keinua egiteko jarri zioten liburutegiari Plazida Otañoren izena eta aitortza horretan sakontzeko bidea emango du orain Sustraiak berripaperaren azkeneko aleak. Izarne Zelaia Arratibel kultura zinegotziak gaineratu du bertsolariaren inguruko informazio berria bildu dutela, eta orain arte argitaratu gabeko argazkiak ere jaso dituztela aldizkarian. «Alaba bakarra zela pentsatzen genuen, baina jakin dugu zortzi seme-alaba izan zituela».

Plazida Otañoren bertso gutxi iritsi dira gugana –aitari eta Txirritari erantzunez botatakoak–, baina haiek dira jasota dauden emakume bertsolari baten lehen bertsoak. Hain zuzen, emakume hauen inguruko ahanzturaz gogoeta egin du Zelaiak, 2019an Lankuk eta Txakur Gorriak sormen kolektiboak atera zuten Orainmenean liburuxka gogoan: «Historikoki emakumeen jarduna gehiago lotu da bertso jarriekin edo esparru pribatuarekin, baina uste baino bat-bateko plaza-andre gehiago izan ziren, eta haiei buruzko informazio urria iritsi zaigu».

Emakume horiek izan zirela aitortzen ari dira azkenaldian. Liburutegiari Plazidaren izena jarri izana da horren adibide, eta baita Plazida, oihartzunaren plaza album ilustratua ere, Oihana Iguaranek eta Maria Altunak 2021ean argitaratu zutena. Hain zuzen, bertsolari amasarrak bere ekarpena egin du Sustraiak aldizkariaren azken alean Honela dio: «Sukaldeko hormek irentsitako bertsoen izenean, pseudonimoz sinatutako liburuen izenean, anonimotzat jota iritsi zaizkigun testuen izenean, izena duena bada. Eta horri esker, izan gaitezke».

10 urte oparo

2016ko apirilaren 23an, Liburuaren Egunean inauguratu zuten Plazida Otaño liburutegia. Ordutik espazio sozial eta kulturala da, sormena sustatzen eta literatura bultzatzen dituena; herritarrentzat topagunea, azken finean.

Arantxa Zabalak 37 urte daramatza Zizurkilgo liburutegian liburuzain. Hark azpimarratu du ekipamendu honen kokapena funtsezkoa dela: herriko plazan dago, eskuragarria: «Plazan bertan dagoenez eta leiho handi hauei esker, herritarra ez doa liburutegiaren bila, topatu egite du». Behar guztiak asetzeko moduko espazio gisa definitu du gaur egungo liburutegia.

Azken hamarkada bere lan-ibilbideko aro oparoena izan dela dio Zabalak. «Balantzea oso-oso positiboa da. Herritarrentzat ez ezik, niretzat ere opari bat izan da. «Hasieratik bi helburu izan ditugu: sormena oinarri duen liburutegi berritzaile eta dinamikoa egitea, eta, bestetik, komunitatea egiten laguntzea; ez dadin izan katalogoa txukun gordetzeko toki soil bat».

Liburuzainak gogoan izan ditu urte hauetan egin dituzten ekimenak: Ipuinen unibertsoa familian saio parte hartzaileak; Plazida, oihartzunaren plaza album ilustratuaren aurkezpena; arte erakusketa eta tailerrak; Motxila ibiltariko erakusketak; argazki lehiaketak; Bookface ekimena...

Azkenaldian literaturarekin lotutako solasaldiek izan duten arrakasta azpimarratu du Zabalak. Horrekin batera, eragileekin elkarlanean egin dituzten liburu aurkezpen, hitzaldi eta ahoz gorako irakurketak ere nabarmentzekoak direla uste du Plazida Otañoko liburuzainak. Aurrera begirako erronkak ere zerrendatu ditu: artearekin jarraituz irudigintza jarraitu nahi dute, loturak sendotu nahi dituzte guraso eta ikas-komunitatearekin, eta herriko eragileekin sarea eratu.

Barrura begirako lanei dagokionez Zabalak azaldu du kanpora begira hainbeste ekintza antolatzeak, denbora gutxiago uzten diela liburuzainen katalogoa txukuntzeko. Lan horri heldu nahi diote hurrengo hilabeteetan, baita Aiztondo bailarako tokiko bilduma berrantolatzeari ere. Hezkidetza edo desinformazioa bezalako gaietan sakontzea, eta guraso eta hezitzaileentzat kontagintzari buruzko formazioa ematea dira beste asmoetako batzuk Plazida Otaño liburutegian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!