Helene Alberdi eta Joanes Goitisolo izan dira irabazleak

Ataria 2026ko apirilaren 18a

Zizurkilgo V. Duatloian gailendu dira bi kirolariak. Goitisolo abantaila handiarekin, eta Alberdi azken zatian nagusituta.

Aurreko urteetan bezala, maila handia ikusi da Zizurkilgo V. Duatloian. Emakumezkoetan Helene Alberdi zumaiarrak irabazi du eta gizonezkoetan Joanes Goitisolo gernikarrak. Biek nagusitasunez irabazi dute: Goitisolok abantaila handia lortu du bizikletako zatian, eta Alberdik korrikako azken zatian egin du ihes. Izan ere, bananakoan bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan, bina duatloilarik egin dute aurrera. Emakumezkoetan Alberdi eta Ainhoa Murua joan dira elkarrekin korrikako lehen zatian eta bizikletakoan, eta gero Alberdik erabaki du aurrera egitea korrikako azken zatian. Gizonezkoetan Urko Herran jarri da aurretik korrikako lehen zatian, eta Goitissolo izan du ondoan uneoro. Bizikleta gainean jarri direnean, gernikarrak bere nagusitasuna erakutsi du, eta lehen itzulian abantaila handia lortu du, eta gero eutsi egin dio. Herrani, bestalde, atzetik zihoazen aurkariek bat egin dute berarekin bizikletako zatian, baina gero Herranek azken korrikako zatian ihes egin eta bigarren egin du.

Alberdik azaldu duenez, Murua ondo ezagutzen du, bere entrenatzailea baita: «Apustua korrika indartsu ateratzea izan da, eta ikusi dut biok tartea ateratzea lortu dugula. Gero bioi interesatzen zitzaigun elkar laguntzea bizikletan, eta horrela izan da. Azkeneko zatian nor baino nor gehiago zein zen ikustear zegoen, eta indartsu atera naiz eta helmugara arte heldu diot atera diodan tartea». Bi aldiz parte hartu du Alberdik eta bietan irabazi du Zizurkilgo Duatloia. «Gozatua da hona etortzea. Etxetik nahiko gertu dago, jende pila bat dago, eguraldiak lagundu du eta antolakuntza primerakoa da. Ahal badugu hurrengo urtean itzuliko gara».

Aurtengoan, berritasun modura, errelebokako modalitatea jarri dute aukeran, eta lehen irabazleak Beñat Fernandez eta Aritz Segurola izan dira. Segundo gutxigatik lortu dute garaipena, oso gertu bukatu baitute Aitor Irazu eta Aitor San Sebastian bikoa. Errelebo mistoan Maddi Marquet eta Jon Marquet nagusitu dira.

Gizonezkoak

  1. Joanes Gotisolo    54.01
  2. Urko Herran         56.19
  3. Julen Ugalde        56.31

Emakumezkoak

  1. Helene Alberdi         1.05.33
  2. Ainhoa Murua          1.06.08
  3. Zenabua Eiguren     1.08.26

Ez federatuak gizonezkoak

  1. Asier Aburuza         1.01.13
  2. Asier Tejeria           1.03.56
  3. Ioritz Pellejero       1.04.36

Ez federatuak emakumezkoak

  1. Lorea Zuriarrain    1.20.23
  2. Nagore Arizaga      1.21.46
  3. Ainara Leibar         1.23.25

Aiztondo bailarako lehenengoak

      1. Eneko Gurrutxaga   59.54  (Amasa)

      1. Gema Oreja               1.22.08  (Zizurkil)        

Erreleboka

  1. Beñat Fernandez eta Aritz Segurola    56.43
  2. Aitor Irazu eta Aitor San Sebastian     56.47
  3. Juan Garikano eta Haritz Arteaga       57.20

Erreleboka mistoa

  1. Maddi Marquet eta Jon Marquet      1.05.11
  2. Sofia Sese eta Javi Fernandez            1.33.36
  3. Iker Lopez eta Uxue Larrazabal        1.14.28

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!