Lepasoro baserrira doan bidea konpondu dute

Ataria 2026ko apirilaren 16a

Udalak 2025eko ekainean izandako euriteen ondorioz kaltetutako herri bidea egokitu du. 57.000 euroko aurrekontua izan dute lanek.

Zizurkilgo Lepasoro baserrira doan herri bidea konpondu dute. 2025eko ekainaren 13an izandako euri zaparradaren ondorioz, Lepasoro bidean kalteak sortu ziren, besteak beste, bidearen oinarriaren zati bat galdu zen; uraren indarrak bideko areka eta errepide azpiko materiala eraman zituen. 

Gauzak horrela, Zizurkilgo Udalak bidea konpontzeko eta egonkortzeko neurriak hartu ditu: harri-lubeta berria sortu dute, eta, ura bideratzeko, aldiz, hormigoizko areka eta dagozkion estoldak jarri dituzte. 

Lanak egiteko 57.000 euroko aurrekontua erabili dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zati batean estali du gastua, 11.125 euroko diru laguntza emanda. 

Asfaltatze lanak

Bide batez, apirilaren 16an eta 17an Zizurkilgo Herrigunean eta Elbarrenan asfalto lanak egingo dituzte, eta tarteka, beraz, erreiak moztu beharko dituzte, lanak egin ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!