Hainbat berritasunekin dator aurtengo Zizurkilgo Duatloia

Ataria 2026ko apirilaren 15a

Paula Del Pozok irabazi zuen iazko Zizurkilgo Duatloia.

Larunbatean egingo da, eta bosgarren urtea izango du probak; banakako modalitateaz gain, erreleboka ere egingo da, eta lehen aldiz Duatloi Txikia antolatu dute, haurrei zuzendua.

Danena Kirol Elkartea bere 50. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta horrek are bereziago egiten du Zizurkilgo Duatloia. Larunbatean egingo da, eta bere bosgarren urtea izango du. Bere lekua egiten ari da kirol ekitaldia, Eneko Agirre antolakuntzako kideak azaldu duenez: «Beti izan du oso erantzun positiboa, bai herriaren aldetik eta baita kirolarien aldetik, eta oso pozik gaude». Euskadiko Duatloi Zirkuituaren parte izaten jarraitzen du Zizurkilgoak.

Kirolaren ikuspegitik larunbata oso berezia izango da, Realaren gizonezkoen lehen taldeak koparen finala jokatuko baitu. «Bagenuen beldur hori, partida hori zela-eta kirolarien aldetik zer erantzun izango ote genuen, baina banakako proban 191 parte hartzaile izango dira, iaz baino bat gehiago, eta txandakakoan hamalau bikote», esan du Arregik. «Nahi genuen gutxienez 150 parte hartzailetara iritsi, eta azkenean iazko parte hartzea gaindituko dugu. Oso pozik gaude».

Banakakoan 143 dira gizonezkoak eta 48 emakumezkoak. Guztira federatuta daudenak 162 dira, eta federatu gabeak 29. «Iaz baino federatu gutxiago daude banakakoan, hainbat txandakako modalitatera pasatu direlako». Hain justu, hori da berritasunetako bat, aukera izango dela erreleboka egiteko. «Mendi duatloietan aukera hori jarrita dago azken urteetan, eta ikusten da jendea animatu egiten dela», esan du Agirrek. «Azkenean duatloia exijentea da. Etortzen diren duatloilariak oso onak dira, eta hasten ari den norbait hona etortzera nola animatuko ote den galdetzen genuen antolakuntzan. Horregatik pentsatu genuen txandaka egiteko aukera ematea. Uste dugu herrikoei eta ingurukoei parte hartzea errazten zaiela. Hain justu, bikoteka aterako diren gehienak hemen ingurukoak dira».

Larunbat arratsaldean egingo da duatloia, eta hasiera eta bukaera Joxe Arregi plazaren ondoan izango du. 16:15ean hasiko dira gizonezko federatuak, bi minutu ondoren emakumezko federatuak, eta beste bi minutu pasatu ondoren aterako dira federatu gabekoak eta bikoteka ariko direnak. Ibilbidea ohikoa izango da. Hasteko bost kilometro egingo dituzte korrika, bi itzuli emanda korrikako zirkuituari. Ondoren bizikletaz 20 kilometro inguru egingo dituzte, Adunara eta Zizurkilgo Herrigunera igoz, zirkuituari bi itzuli emanda. Amaitzeko 2,5 kilometro korrika egingo dute, zirkuituari itzuli bat eginda.

Aurtengo beste berritasun bat Duatloi Txikia da. «Hau ere herrian eskatzen zen zerbait zen, haurrentzako zerbait antolatzea», esan du Agirrek. «Aurten, 50. urteurrenaren harira, berotu egin gara eta haurrentzako duatloia antolatu dugu larunbat goizerako». 11:00etan hasiko da, eta izen ematea egunean bertan egin behar da, 10:30etik aurrera. Hiru adin-tarte zehaztu dituzte: 2-5 urtekoak, 6-8 urtekoak eta 9-11 urtekoak. Bakoitzak bere ibilbidea izango du, adinaren araberakoa. Parte hartzaile bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eraman behar du. Ez da sailkapenik izango, eta haur bakoitzak oparitxo bat jasoko du.

Boluntario ugari izango dira beste behin ekitaldietan laguntzeko, baina izan zuten kezka horren inguruan, Realaren finala zela eta. «Danena Kirol Elkarteak futboleko atala ere badu, eta bertako jende asko etortzen da duatloiaren egunean laguntzera», esan du Agirrek. «Horietako asko Sevillara doaz finalera, eta momentu batean planteatu genuen zer gertatuko ote zen boluntariorik ez bagenuen beharrezko dena osatzeko. Eta azkenean herriaren erantzuna beste behin izugarrizkoa izan da, boluntario kopuru guztiak beteta ditugulako, eta oso pozik gaude horregatik». 

Probaren ondoren barrikotea jarriko dute plazan, eta gero afaria prestatuko dute boluntario guztientzako. Gainera, pantaila erraldoia izango da Realaren finala jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!