'Beltxa eta Gu ta Gutarrak' liburua eskuragarri jarri dute

Ataria 2026ko apirilaren 14a

Hernandorena kultur elkarteak argitaratu du eta bi edizio prestatu ditu: bata euskarazkoa eta bestea gaztelaniazkoa. Udaletxean eta udal bulegoetan lortu daiteke Otañoren bilobaren biografia jasotzen duen liburua.

24. Korrikari ongi etorria emateko Zizurkilen antolatu zituzten ekitaldien barruan, Magdalena Moujan Otaño Beltxa zenaren inguruko biografia aurkeztu zuten Hernandorena kultur elkarteko kideek. Orain, biografia hori biltzen duen Beltxa eta Gu ta Gutarrak liburua herritarrentzat eskuragarri jarri dute. Euskarazko eta gaztelaniazko edizioak atera dituzte eta ale bat lortu nahi duenak udaletxean edo udal bulegoetan eska dezake.

Pello Mari Otañoren biloba Magadalena Moujan Otañoren (Pehuajó-Argentina, 1926 – La Plata-Argentina, 2005) bizitza sakon aztertu dute kultur elkarteko kideek azkeneko urteetan. Matematikan doktorea, besteak beste, Energia Atomikoaren Batzorde Nazionalean jardun zuen lanean. Hainbat unibertsitatetan irakatsi zuen, eta haietako batzuetan Honoris causa doktore titulua eman zioten, unibertsitateen ohorezko sari akademiko gorena.

Zientzia fikzioaren esparruan lortu zuen izen handia, ordea. Beltzaren Gu ta Gutarrak idazlanak zientzia fikziozko ipuinei ematen zaien Argentinako Sari Nagusia lortu zuen 1968an.

Ipuin horren argitalpenak hainbat gorabehera izan zituen. Nueva dimension bilduman kaleratu zuten, baina Espainiako estatuan liburua sekuestratu, eta argitaletxeari kenarazi egin zioten Gu ta Gutarrak ipuina. Orduko Informazio ministro frankistak, Manuel Fraga Iribarnek, zentsura ezarri zion Beltxaren idazlanari, Espainiako batasunari zuzenean eraso egiten ziolako.

Beranduago, 1995ean, El cuento argentino antologian jaso zuten, Jorge Luis Borges eta beste hainbat idazle handiren ipuinekin batera. Beltxak idazlana sortu eta ia 50 urtera, bere osotasunean irakurtzeko bidea jarri zuten Hernandoren elkartekoek. Elebitan atera zuten argitalpena: alde batean Beltxak berak idatzi zuen bezala gaztelaniaz, eta bestean Xalbador Garmendia zenak moldatutako itzulpenean euskaraz. Okasiorako, Maria Altuna Lizarraga herritarrak sortutako ilustrazioa erabili zuten.

Orain, Magdalena Moujan Otañoren biografia ondu du Hernandorena elkarteak, eta bi edizio prestatu ditu; bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Liburua eskuratu nahi dutenek ale bat eska dezakete udaletxean, edo bestela, Joxe Arregi plazako udal bulegoan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!