Begiraleen lan poltsan izena emateko aukera

Ataria 2026ko apirilaren 13a

Apirilaren 28ra arte lan poltsan sartzeko aukera izango da. Udalean aurrez aurre edo egoitza elektronikoan eman daiteke izena.

Udaleku irekietan begirale edo koordinatzaile gisa eta Gaztezuloko errefortzuko begirale gisa izena emateko deialdiak zabaldu dituzte Zizurkilen. Apirilaren 7tik apirilak 28ra bitarte egongo da zabalik lan-poltsan sartzeko aukera, eta udalean aurrez aurre zein Zizurkilgo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez izena eman daiteke.  

Honako baldintza hauek bete behar dira lan-poltsan sartzeko: 18 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiro-adina ez gainditzea; B2 euskara eskakizuna egiaztatzeko ziurtagiria izatea; sexu-izaerako delituengatik aurrekaririk ez izatea; eta haur eta gazteen aisialdiko begiralearen edo zuzendariaren titulu homologatua izatea.

Hautagaitzarekin batera aurkeztu beharko dira: nortasun agiria, begirale edo zuzendari titulua, euskarazko B2 ziurtagiria eta sexu-delituen 2026ko ziurtagiria. Merezimenduen balorazio lehiaketa izango denez, merezimenduetarako aintzakotzat hartzea nahi den gainerako agiri guztiak ere aurkeztu beharko dira: ikasketa agiriak, ikastaroak, lan esperientzia, uneko egoera…

Elkarrizketa-talde dinamika gainditzea ere beharrezkoa izango da, eta proba hori maiatzaren 15ean egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!