Zizurkilgo Udalak konpostari buruzko doako ikastaro laburra antolatu du Atxulondo kultur etxeko areto nagusian, apirilaren 15ean, 18:00etan. Konposta zer den, nola egin behar den, zertarako balio duen eta zer onura dituen azalduko da. Herritar guztiei zuzendutako ikastaroa izango da, eta joateko asmoa dutenek udalaren egoitza elektronikoan edo udal bulegoetan eman beharko dute izena.
Ugare auzoan konpostatze gune berria jarri du udalak eta apirila bukaerarako erabilgarri izatea aurreikusi du. Aurrerantzean, beraz, Ugareko auzotarrek ere auzo-konposta sisteman parte hartzeko aukera izango dute. Momentuz, 22 etxebizitza berri gehitu dira sistemara, eta batu den jende kopurua kontuan hartuta antolatu du udalak konpostari buruzko ikastaroa.
Herritarrentzat eta herriarentzat auzo-konpostak dakartzan onurak zerrendatu ditu udalak: hondakinen kudeaketa herrian bertan gauzatzea, modu egokian eta jasangarrian; prozesu naturalen bidez sortzen den ongarria herrian bertan erabiltzea, eta, modu horretara, lurzoruaren egitura hobetzea, uraren atxikipena handituz eta mikrobio-jarduera sustatuz; eta, azkenik, ekonomikoki onura lortzea, ohiko bilketa-sistematik kanpo kudeatuko delako auzo-konposteko parte hartzaileen hondakin organikoa –urtean 225 euro ordaindu beharrean, 168,76 euro ordainduko dituzte–.
Sistema honetan parte hartu nahi duten zizurkildarrek izena emateko aukera dute udal bulegoetan, edo bestela, Zizurkil.eus webgunean.
Proiektu berritzailea
Zizurkilgo Udala hondakin organikoen deskonposatzeko prozesuari jarraipena egiten ari zaio, eta horretarako, Andoaingo La Salle Institutuko Lanbide Heziketako ikasleek garatu duten gailua erabiltzen ari da udaletxe aurreko Herriguneko auzo-konpostatze gunean.
Deskonposizioa egoki egin dadin, 70 gradu inguruan egon behar da konposta eta gailuak, hain justu, tenperatura neurtzen du. Jasotako datuekin arduradunek jakingo dute prozesu naturala bide onetik doan, hondakin organikoak konpost bilakatzen ari diren, eta sortutako ongarria erabilgarria ote den.
Laster, gainera, guneetan txartel birtualaren sarrailak jarriko ditu udalak, erabilera egokia bermatzeko. Txarteletako bakoitza etxebizitza bakoitzari lotuta egongo da. Udalak abisua pasako du txartelak erabilgarri daudenean.