Apirilaren 13a da Zizurkilgo V. Duatloian izena emateko azken eguna

Ataria 2026ko apirilaren 1a

Iazko Zizurkilgo Duatloiaren une bat.

Aurten Danena elkartea bere 50. urteurrena ospatzen ari da, eta apirilaren 18an egingo den Zizurkilgo V. Duatloia berezia izango da.

Besteak beste, aurten erreleboka egiteko aukera ere izango da. Izena emateko Web.rockthesport.com helbidean sartu behar da, eta azken eguna apirilaren 13a da. Euskadiko Duatloi Zirkuituaren parte izango da Zizurkilgoa, federatuen mailan. Federatu gabeko kirolariek ere parte hartu ahalko dute.

Aurtengo beste berritasuna Duatloi Txikia da. Egunean bertan egingo dira izen emateak, 10:30etik aurrera, eta 11:00etan hasiko dira probak taldeka: 2-5 urte, 6-8 urte eta 9-11 urte. Parte hartzaileek bizikleta eta kaskoa eraman beharko dituzte.

Futboleko Alebin Txapelketa

Danenaren urteurrenaren ekitaldiei dagokienez, datorren astean futboleko Alebin Txapelketaren lehen fasea jokatuko da Elbarrena futbol zelaian. Asteartetik ostiralera izango dira partidak goiz eta arratsaldez, eta 36 talde ariko dira lehian. Ostiral arratsaldean egingo da sari banaketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!