Hesitu egingo dute Aurrerako orubea

Ataria 2026ko martxoaren 27a

Bizilagunen kezkari erantzunez, modu egokian lotutako hesiarekin itxiko dute eremua perimetro osoan.

Aurrerako bizilagunen eskaerari erantzunez,  Zizurkilgo Udalak neurriak hartu ditu eremuaren egungo egoera zein den ikusita. Lur jabeei exekuzio-agindua ezarri zaie, eraikina eraitsi zen eremuko kalteak konpon ditzaten eta dagokion segurtasun baldintzetan utz dezaten.

«Udalak ez zuen aurreikusten hainbeste denbora igaroko zuenik eremuak egoera horretan. Horregatik, eta bizilagunen kezkari erantzunez, esku hartzea beharrezkoa izan da. Ezarritako neurriaren arabera, eremua perimetro osoan behar bezala hesitu beharko da, modu egokian lotutako hesiarekin, eta espazioa txukun eta egoera onean mantendu beharko da aurrerantzean», adierazi du Maite Amenabar alkateak.

Auzoaren mantenu lanak urbanizazio plan baten barruan aurreikusten baziren ere, denbora gehiegi pasa dela eta, udalak bere gain hartuko ditu lan horiek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!