Hainbat ekitaldi antolatu ditu aurten Zizurkilgo Danena Kirol Elkarteak bere 50. urteurrena ospatzeko. Eusko Jaurlaritzako kirol erregistroan 1976. urtean erregistratu zen, beraz, ofizialki 50 urteak aurten egingo dituzte, eta hori izan da klubaren erreferentzia. «Bagenekien aurretik Danena existitzen zela. Ez genekien noiz izan zen zehazki sormenaren data», esan du Josu Sarasola lehendakariak. «Baina aurretik izan bada, 50. urteurrena ez da ospatu, beraz, ospatu beharko genuke. Horrelako momentuak ospatu behar dira eta atzera begiratu eta ikusi noraino iritsi den elkartea. Danenaren inguruan gauden guztiak biltzea garrantzitsua da». Elkartearen historia arakatuz jakin dute 1958. urtean jarri zela martxan. «Beraz, aurten 50 urte ospatuko ditugu, eta hemendik bi urtetara 80. urteurrena».
Gaur egun lau atal ditu Danenak: futbola, txirrindularitza, halterofilia eta duatloia. Azken horretatik Zizurkilgo Duatloia antolatzen dute. Bere garaian atletismoa ere elkartearen parte izan zen, eta indarra izan zuen, tartean Garin anaien parte hartzearekin.
Armarri berria egin dute urteurrenerako, eta aurten bakarrik erabiliko dute. Berria baino, moldatu egin dutela esan daiteke. «Bereizgarri moduan armarriaren barruan daude klubeko kirolak: halterofilia, baloiak, bizikleta, korrika egiteko zapatilak atletismoarekin bat egiteko, eta duatloia zapatilekin eta bizikletarekin dago ordezkatuta», esan du Sarasolak. Kartel guztietan azalduko da armarria, baita kamisetetan ere. Behin urtea bukatuta, ohiko armarrira itzuliko dira.
Kirol guztiak barne hartzen dituen ekitaldi ugari antolatu dituzte, eta lehenengoa larunbat honetan egingo da. Atxulondo kultur etxean txirrindularitza atalari buruzko dokumentala emango dute, Danena, urrezko lanaren urrezko ezteiak izenekoa. EITBk egin du bere Helmuga telebista saiorako. «Talde bat sortu zen eta Espainiako Vuelta eta Frantziako Tourra egin zituen, gero desagertu egin zen, berriro hasi, eta orain berriki taldeko Eñaut Urkaregi munduko txapelduna izan da». Egun horretan Aiztondo Klasikoa egingo da, eta hori nahi izan dute baliatu dokumentala emateko. Horrez gain, mahai ingurua egingo da Xabier Usabiagak gidatuta, eta bertan izango dira Danenako parte izan ziren Marino Lejarreta eta Jokin Mujika txirrindulari ohiak, eta horrez gain sortzaileetako batzuk ere izango dira. Sarrera irekia izango da, edukiera bete arte.
Ekitaldi nagusia irailean
Hurrengo ekitaldia Pazko Astean izango da, Elbarrena futbol zelaian egingo den alebinen txapelketa. 38 talde ariko dira lehian, eta lehen laurak ekainaren 20an egingo den fase finalean izango dira Danena eta Billabona taldeekin batera.
Apirilaren 18ko arratsaldean izango da Zizurkilgo V. Dua-tloia. Aurtengo berezitasuna goizean egingo den txikientzako duatloia izango da. Ondorengo ekitaldia maiatzaren 30ean izango da: Danena Futbol Eguna. Egunean zehar puzgarriak egongo dira, partida jokatuko da Danenako eta Realeko beteranoen artean, bazkaria egingo dute eta ondoren festa egingo dute musikarekin girotuta.
Txirrindularitzak beste ekitaldi bat izango du, ekainaren 6rako eskolarteko proba bat antolatu baitute, eta bertan Fraisoroko igoera egingo dute. Halterofiliari dagokionez, ekainaren 27an txapelketa bat egingo da Joxe Arregi plazan, Liga Nazionaleko 3. jardunaldia, hain justu. Urteurrena bere horretan ospatzeko Danena Eguna antolatu dute irailaren 19an. «Egun nagusia izango da. Puzgarriak izango dira, argazkien erakusketa, herri bazkaria eta ondoren festa», esan du Sarasolak.
Azkenik, urriaren 17an martxa zikloturista izango da. «Aurten Etxeondoren 50. urteurrena ere bada, eta profesionaletan Danenarekin batera Orbea eta Etxeondo egon zirenez, hiruren artean antolatuko dugu», esan du Sarasolak. «Gipuzkoan zehar izango da, eta 120 kilometro izango ditu. Aurreikuspenen arabera, arrakastatsua izango da; 500 partaiderentzat mugatuko dugu, eta badirudi bete egingo dela».
Beste egitasmo garrantzitsu bat klubaren historia jasoko duen liburua da. «Beti pentsatu izan dugu oso aukera ona dela urteurren hau ondare moduko bat uzteko. Elkartea martxan jarri zutenetako batzuk oraindik bizirik daude, eta beraiekin hitz egiten ari gara Danenako historiaren liburua osatzeko», esan du Sarasolak. Futbola, atletismoa, halterofilia, txirrindularitza eta dua-tloia atalak jorratzen ari dira, eta bost egile ari dira bakoitzak atal bat osatzeko. Oraindik ez dute zehaztuta noiz aurkeztuko duten argitalpena.
Danenako lehendakariak klubaren berezitasuna nabarmendu du: «Herri txiki bateko elkarte handi bat. Halterofilian 60 kide inguru dira, txirrindularitzan beste 70 inguru eta futbolean 300dik gora. Duatloian ere lan talde bat dago aurrera eramaten duena. Gauza berezia da, bai partaideen kopuruaren aldetik eta baita kirol aniztasunarengatik ere».
Ekitaldiak
Martxoak 28, larunbata
19:00. EITB telebistako Helmuga saioaren Danena, urrezko lanaren urrezko ezteiak atalaren emanaldia Atxulondo Kultur Etxean.
Apirilak 7-10
Goiz eta arratsaldez. Danena futboleko Alebin Txapelketaren lehen fasea Elbarrena futbol zelaian.
Apirilak 18, larunbata
16:15. Zizurkilgo V. Duatloia Joxe Arregi plazatik.
Maiatzak 30, larunbata
Danena Futbola Eguna egingo dute Elbarrena futbol zelaiaren eta Joxe Arregi plazaren artean.
Ekainak 6, larunbata
Eskolarteko Txikien Txirrindulari Txapelketa Fraisoroko igoera.
Ekainak 20, larunbata
Danena futboleko Alebin Txapelketa Elbarrena futbol zelaian.
Ekainak 27, larunbata
Halterofiliako Liga Nazionaleko 3. jardunaldia Joxe Arregi plazan.
Irailak 19, larunbata
Danena Eguna Elbarrena futbola zelaian eta Joxe Arregi plazan.
Urriak 17, larunbata
Danena Etxeondo Orbea zikloturista martxa Joxe Arregi plazatik.
