Idazkari-kontu hartzailearen falta salatu du udalak

Ataria 2026ko martxoaren 19a

Idazkaria ezinbestekoa da udal baten funtzionamenduan eta haren falta salatu du udal gobernuak.

Zizurkilgo Udala idazkari gabe dago ostera ere. «Idazkariak izendatzeko eskumena duten goragoko erakundeen aurreikuspen falta eta gabezien ondorioz, udal askotako arazoa bihurtu da kontua, bereziki Gipuzkoan», esan dute udal gobernuko kideek. 

Herri txikietan egoera larriagoa dela salatu dute. «Herri txikietan ez dugu lantaldean idazkari kontu-hartzaile izateko modua duen beste inor, eta beraz, udal jarduera erabat oztopatuta geratzen da» azaldu du Maite Amenabar alkateak.  

Idazkaria ezinbestekoa da udal baten funtzionamenduan, esaterako, kontratazioak edo udalbatzak egiteko eta, oro har, udal egitasmo nagusi guztiak aurrera eramateko. 

Herritarrak kaltetuak

Bost urtetan lau idazkari izan ditu Zizurkilek eta berriro gabe geratu berri da, hainbat mugimendu tarteko. «Saiatzen ari gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin egoera bideratzen, baina uste dugu herritarrek jakin behar dutela zer ari den gertatzen. Azken finean, herritarrak dira kaltetuak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!