Sekretu Ofizialen Legearekin amaitzeko eskatu dute Zizurkilen

Ataria 2026ko martxoaren 12a

Legea oztopoa da duela 27 urte Joselu Geresta herritarrarekin gertatu zena argitzeko. Egia jakitea beharrezkotzat du Zizurkilgo Herri Oroimena taldeak, justiziarantz pauso erabakigarria emateko.

Zizurkilgo Herri Oroimena taldeak elkarretaratzea egin du gaur Joselu Geresta herritarrarekin gertatu zena argitu dadin eskatzeko. 1999ko martxoaren 19ko gauean harekin zer egin zuten jakiteko beharrezko diren datu guztiak publiko egitea exijitu dute. Egia jakin ezean ez dute «sosegua» lortuko, ez familiak, ezta herriak ere: «Joselu ez da itzuliko, baina justiziarantz pauso erabakigarria emateko aukera izango dugu gertatu zena jakinez gero». Beraz, elkarretaratzean ozen aldarrikatu dute Sekretu Ofizialen Legearekin behin betiko amaitzea.

1968koa da Sekretu Ofizialen Legea –1978ko Espainiako Konstituzioaren aurrekoa beraz–, eta gai jakin batzuei sailkatu eta erreserbatu izaera ematen die.  Gaur elkarretaratzean bildu direnek esan dute legea «zaharkituta» dagoela, eta frankismoaren «barrabaskeriak» ezkutatzeko sortu zen hura, Franco hil eta gero ere zentzu berdinarekin erabiltzen jarraitu dutela: «Ez zen aurreko erregimenarekin apurketarik egin eta Espainiako estatuaren egiturak ez ziren guztiz depuratu». Audientzia Nazionala, frankismoan sortu zuten salbuespenezko tribunal berezia jarri dute horren adibidetzat.

Honenbestez, demokrazia gainditzen duten jokabide «faxistak» bere horretan mantentzeko «espazio erreserbatua» da Sekretu Ofizialen Legea, Zizurkilgo Herri Oroimena taldekoen ustetan. «Espazio babestu horretan bahiketak, torturak eta heriotzak egon dira herri honetan». 

Are gehiago, tranpa bat ere seinalatu dute gaurko elkarretaratzean bildutakoek: legeak babes juridikoa ematen die errepresioa ahalbideratu duten pertsonei, nahiz eta askotan pertsona horiek beraiek «erotzat» hartu izan dituzten. «Pertsona horiek egitura koordinatu eta planifikatu baten barruan aritu dira. Zuzenbide estatutik kanpo kokatu arren, badakite babes osoa izango dutela eta zigortuak izan beharrean sarituak izango direla».

Bertsio ofiziala ezbaian

Nahiz eta zantzu argigarriak egon, inoiz ez da frogatu Joselu Gerestaren heriotza gerra zikinak eragin zuenik. Iturri ofizialek lehenengo momentutik esan zuten bere buruaz beste egin zuela, baina senide eta lagunek ez dute behin ere bertsioa sinistu.

Azken urteotan haren ingurukoek askotan errepikatu dute hil aurretik jasaten ari zen jazarpenaren ondorioz iritsi zela Geresta azken hatsa ematera. Aurreko egunetan, eta bereziki, 1999ko martxoaren 19ko gauean gertatu zena argitzeko eskatu dute: «Zer pairatu zuen? Zeintzuk ziren ihesean zihoala atzetik zelatatzen zeuzkanak? Polizia Nazionala? Guardia Zibila? Ertzaintza? Zer ikusi zuen Joseluk? Zer zen ezkutatu beharreko hori? Zergatik eliminatu nahi izan zuten?».

Galdera asko egin dituzte Zizurkilgo Herri Oroimeneko kideek, baina bat gailendu nahi izan dute besteen gainetik: «Zer gertatu zen gau horretan, eta batez ere, zergatik ezkutatu nahi dute gertatu zena?».

Egia osoa argitzeko eskaera eginez amaitu dute elkarretaratzea, horrela bano ez baita erreparatuko egindako mina. «Atera dezagun argitara herri honen sufrimenduaren egia».

Elkarretaratzearen amaieran Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak iragarri du Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uzteko eskaera osoko bilkurara eramango dutela mozio baten bitartez. Idazkari gabe daudenez, hil honetan ez dute plenorik egingo, eta hurrengoan eztabaidatuko dute mozioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!