«Testua eta musika dira ardatzak, baina badu bestelakorik ere». Elkarren pare eta lanean sortu dute 1:1 eskala izeneko ikuskizuna Alaia Martin bertsolariak eta Olatz Salvador musikariak. Aipatutako ardatzez harago, dramaturgia «pixka bat», argazkiak eta hots paisaiak ere badituela aurreratu du, besteak beste, Martinek. Zai, Zoi, Ele! ziklorako osatu zuten obra eta, orain, «ibilbide txiki bat» ari zatzaizkie ematen. Zizurkilen igandean egingo dute, Aiztondoko IV. Antzerkialdiaren barruan.
Zer topatuko du ikusleak?
Topatuko gaitu Olatz Salvador eta biok; eta propio urtarrilerako sortu dugun ikuskizun bat. Eta nola gorpuzten dugun oholtzan? Badu dramaturgia pixka bat; zer edo zer. Bestalde, emanaldirako propio sortu ditugun abestiak ere topatuko ditu. Nik hitzak idatzi ahala musikatu ditu Olatzek. Eta, tartean, badira poemak, lokailu gisa funtzionatzen duten testuak, hotsak... Hots paisaia batzuk ere osatu ditugu. Eta baita eszenografiatxo bat ere.
Horrez gain, Nagore Legarretaren argazkiak ere ageri dira proiektatuta; propio ikuskizunerako egin ditugu horiek ere. Batez ere, abestiak, dramaturgia puntutxo bat, poemak eta irudiak. Hori esango nuke. Eta askoz gehiago esanda, gauza gehiegi kontatzen ariko ginateke. Testua eta musika dira ardatzak, baina badu bestelakotik ere.
Zein izan zen abiapuntua?
Enkargua izan zen hasieran. Kantagiltza elkarteak Zai, Zoi, Ele! izeneko ziklo bat antolatzen du Oiartzunen 1545 argitaletxearekin batera, eta eskatzen diete abeslari eta idazle bati zerbait elkarlanean sortzeko.
Olatz Salvadorri esan zioten aukeratzeko kide bat ikuskizunerako, eta horrelaxe elkartu ginen. Izatez urte bat lehenago proposatu ziguten, baina biok ere lanpetu samar geundenez, prozesu luzeago bat eskertuko genuela esan genien. Pixkanaka hasi ginen bilatzen ikuskizun horretarako zerk lotzen gintuen edo zein gai izan zitezkeen gure uztarri. Eta hortik joan da eraikitzen ikuskizuna: pixka bat erruaz, gainkargaz, gain-pentsatzeaz, ikasitako eskemez eta jokabideez ari da.
Eta nolakoa izan da sortzeko prozesua?
Egiari zor urtebete baino gehiago pasa dugu elkarrekin kaferen bat hartzean, paseatzen, inspiratzaileak iruditu zaizkigun abestiak elkarri bidaltzen... Tonuaren bila aritu gara asko, eta badu dramatik, baina baita umoretik ere; drama diodanean sakontasunetik esan nahi dut. Existentzialismo pixka bat badu, baina baita oso arinetik edo jolasetik ere.
«Tonuaren bila aritu gara asko, eta badu drama edo sakontasunetik, baina baita umoretik ere»
Argazkilariaren ekarpenaz gain, Oier Guillanen begirada ere izan dugu. Egitura eta testua aurreratu samar zegoen momentuan, berari eskatu genion oholtzaratzeko zubi lana egiteko; gu ere konbentzituago eta kanpo begirada horrekin inspiratuta ateratzeko oholtzara lehenengo emanaldi horietan. Egia esan, asko lagundu digu.
Trabarik edo zailtasunik sumatu duzue?
Batetik, ni txikitxo baten eta sei urteko baten ama naiz, eta, beraz, ahal den erritmoetara aritu gara. Olatzek ere agenda betea du, eta... Zailtasun bat, hori: denbora eta elkarrekin koordinatzea. Bestela, orokorrean, gustura aritu gara eta erraza egin zaigu elkarrekin komunikatzea, ulertzea, eta prozesuan konfiantza izatea.
Bestela, nik uste tonuarekin eta eszenaratzearekin izan ditugula zalantza gehienak. Gustura eta lasai geunden sortutako materialarekin, baina kanpo begirada bat behar genuen guztiari osotasun bat nola eman ebazteko. Ez genuen airean ikuspegi ilun bat utzi nahi, eta hori izan da erronka.
Nondik dator gai horiek lantzeko interesa?
Elkarrekin zerbait sortzeko momentuan buruan genuen biontzat zerbait askatzailea edo kakotxen artean organikoa izatea. Biontzat interesgarria izan zitekeena, jendearentzat ere izan zitekeelakoan.
Gure ezinegon gehienek dute egiturazkoa edo soziala den oinarri bat, eta horren bila ibili gara. Emakumeon kasuan, askotan, errua izatean da sentimendu edo joera oso sustraitu bat; eta, aldi berean, ez da asko konpartitzen, lotsarekin ere ezkontzen delako kulpa hori. Oso bakartzailea da sentsazio gisa.
Pentsatu genuen bazuela potentzialtasun bat. Guretzat izan zitekeela askatzailea eta kanpora begira ere ekar zezakeela pixka bat argitasun edo saretze txiki-txiki bat; emanaldi batek duen potentzialtasun txiki horren barruan. Eta, asmo horretatik, baltsamo txiki bat ere izan zitekeela.
Nola moldatu zarete elkarrekin?
Ez gara urrutikoak, eta kointziditu izan dugu Donostia eta Oiartzun arteko jira horretan. Batera aritu gara proiektu gehiagotan, eta noizbait ere kantaren baterako eskatu izan dit hitzen bat. Elkarlanean aritu gara, eta ondo moldatu gara. Uste dut elkar errespetatzearen gakoetako bat izan dela, batetik, entzuteko irekita edo prest egotea; eta, bestetik, prozesuak eta bizitzaren uneak-eta ulertzeko enpatia.
«Prozesuari balio handia eman diogu eta oso urrutira iritsi gara; baina itzuli gara 1:1 eskalara ere»
Nahiko garbi izan genuen patxadatik eta gozamenetik egin nahi genuela; horregatik esan genion ezetz hasierako urte hartan ikuskizuna sortzeari. Prozesuari balio handia eman diogu, asko gozatu dugu eta oso urrutira iritsi gara; baina bueltan ere itzuli gara 1:1 eskala horretara. Bakoitzaren buruari lasai joaten utzi diogu, eta itzultzeko ere arnasa eman diogu elkarri.
Nondik dator '1:1 eskala' izenburua?
Gure whatsapp taldearen izena deserrudun da, pilota gorri baten sinboloa du eta... Bueno, hor ibili ginen, baina astunegia egiten zitzaigun eta ez genuen horrantz bideratu nahi. 1:1 eskala hainbat izenbururen artean aukeratu genuen, azkenean, badelako itzulera bat erlatibizatzera eta gure neurrira; onerako eta txarrerako. Ez direlako hainbesterainokoak ez erruak, eta ez lorpenak; eta erlatibizatu eta bere neurrira ekar daitezkeelako: 1:1 eskala horretara.
Gauden horretara, gauden momentutik; eta akatsetatik zein gabezietatik; beldurretatik eta ezinetatik, baina baita gure ahaletatik ere. Bi izateak ere eragin zuen: bat eta bat. Gure barruan galtzen garen horretan, mapa baten sinbologia ere badu ideiak.
Berdintze bat ere iradokitzen du.
Bai, hori da. Eta horrek ere asebetetzen gintuen izenburura begira. Bi garelako, baina bi, parez pare. Bakoitza oso, eta elkarrekin pare; eta, aldi berean, bi zati. Ematen du jolas zabalago baterako. Eta horrek ere bakea ematen zigun. Errua edo gure gain-pentsatze hori bada nahikoa zurrunbilo, eta 1:1 eskala nolabait baretzearekin eta itzultzearekin lotzen genuen. Gure kartografia pixka bat ordenatzeko, gure koordenatu errealetara ekartzeko.
«Dramaturgia pixka bat» duela aipatu duzu. Nola sentitu zarete arlo horretan?
Ez da izugarrizkoa dramaturgia. Gure neurrira ekarri behar izan dugu hori ere: 1:1 eskalara [erdi barrez]. Hor ibili gara egokitzen eroso senti gintezen gu, eta baita ikuslegoa ere. Egia esan, banuen irrika puntu bat; gaztetxotan antzerkia egin nuen. Eta Olatzek ere badu interesa edo jakin-mina mundu horrekin.
Ez gara aktoreak inondik ere. Baina adierazteko beste modu erabiltzeko, beste geruza bat gehitzeko ere, ba... Aprobetxatu nahi izan dugu. Hori bai, betiere, gure ahalen, aukeren, eta momentuaren arabera neurtu dugu.
Publiko zehatz bati dago bideratuta?
Ez dut garbi. Denetariko publikoa izan genuen: espero genuen gure adin jirako jendea izango zela, edo helduagoa; baina askoz gazteagoak ere hurbildu ziren, eta gustura egon ziren. Dramaturgia minimo horrek badu amutxo moduko bat.
Bereziki helduentzako dela esango nuke, eta hortik aurrera antzerki, musika, kultur eta literatur zaleentzat. Bertsozaleentzat ere badela esango nuke, baina ez bereziki bertsoa presente dagoelako; baizik eta hitzaren jolas hori ere baduelako.
Nolako harrera izan du ikuskizunak?
Urtarrilaren 23an Oiartzunen egin genuen, eskatutako zikloaren barruan. Guretzat oso berezia izan zen, eta gustura geratu ginen; eta bueltan jaso duguna ere ederra izan da momentuz. Zizurkilez gain apirilean Donostian Amara Berriko kultur etxean egingo dugu, eta baita Bilbon ere. Eta badauzkagu beste pare bat Iruñean eta Arrigorriagan ere. Ibilbide txiki bat emango diogu. Norbaiti zerbaitetan lagun badiezaioke edo momentu baltsamiko bat sortu, bada, zoragarri; eta, bestela, prozesuak merezi izan duenaren sentipenarekin geratuko gara.
Baduzu aurreikuspenik Zizurkilgo emanaldirako?
Ez dut aurreikuspen handirik egiten, orokorrean, oholtza batera igo aurretik [barrez]. Irekita, malgu eta ilusio handiz joatea; hori da gakoa. Kariñoz prestatu dugu, eta jendeari sortzen badio halako galdera ikurtxoren bat... Eroso edo deseroso, baina ea behintzat gurekin sentitzen den sinkronia horretan. Zizurkil ezagutu dut bestela kantuan-eta, eta herri harkorra eta kultur zalea da. Pentsatzen dut zortea izango dugula eta ongi hartuko gaituztela.
1:1 eskala
MARTXOAK 15, IGANDEA
Lekua. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxea.
Ordua. 18:00.
Hizkuntza. Euskara.
Generoa. Literatura eta musika.
Sortzaileak. Alaia Martin eta Olatz Salvador.



