Fatxada eta estalkia berritzen hasi dira Atxulondon

Ataria 2026ko martxoaren 10a

Eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzeko egingo dituzten lanek irailera arte iraungo dute.

Atxulondo kultur etxearen energia eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin, eraikinaren fatxada eta estalkia berritzeko lanak hasi dituzte. Aurreikuspenen arabera, irailera arte iraungo du obrak.

Eraikinaren kanpoaldean egingo dituzte lanak energia eraginkortasuna hobetzeko: bero galerak murrizteko isolamendua hobetuko dute. Fatxada eta estalkiko elementuak berritu eta egokituko dituzte, horretarako beharrezko eraispen eta konponketa lanak eginda. Obra amaitzerakoan, eraikinak energia gutxiago kontsumituko du, eta erabiltzaileei espazio erosoagoa eta jasangarriagoa eskainiko zaie. 

Obra Urbycolan enpresari esleitu diote eta 362.000 euroko aurrekontua du. Zizurkilgo Udalak Next Generationeko funtsetatik 150.000 euroko diru laguntza jaso du proiektua egiteko, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan. 

Jardueretan aldaketak

Lanek irauten duten bitartean kultur etxeko jarduerak «normaltasunez» mantentzeko asmoa dutela esan du udalak. Dena den, unean uneko esku-hartzeren batengatik aldaketaren bat egin behar badute aurrez jakinaraziko dutela esan dute arduradunek. 

Udalak herriko azpiegiturak modernizatzeko eta jasangarritasunaren alde urratsak emateko konpromisoa hartua du. Maite Amenabar alkateak lehentasunezkoak jo ditu lan hauek: «Atxulondo herritarren topagune garrantzitsua da, eta baldintza onenetan egotea nahi dugu, bai erosotasunari dagokionez, baita jasangarritasunari dagokionez ere. Inbertsio honekin etorkizunari arduraz begiratu nahi diogu». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!