Aratz Alkorta Irastorza eta Alaitz Ormazabal Goenaga garai batean San Millan –gaur egun Mendigain– eskolako ikasle izandakoak dira. 1998an Zizurkilen egin zen festaz ez dute oroitzapen handirik, artean gaztetxoak zirelako, baina haien aurrekoek orduan egin zutena egitea egokituko zaie ekainaren 14an: Eskola Txikien Festa antolatzea. Biak dira, Urkamendi guraso elkarteko kide, eta beraz, biek hartzen dute parte festa antolatzeko talde motorrean.
Noiz hasi zineten aurtengo Eskola Txikien Festa antolatzen?
Aratz Alkorta: Jarraikortasun batekin antolatzen da festa eta guk bagenekien 2026koa antolatzea guri zegokigula. Presazkoena logoa diseinatu eta aukeratzea izaten da, horrekin batera materiala prestatu behar izaten baita. Bi aldi izaten dira arroparentzat, negukoa eta udakoa. Lehenengo txandarako eskaerak egiteko azkar samar hasi behar izaten denez, aurreko ikasturte amaierarako hasi ginen lanean. Apiril aldera egingo genituen lehenengo bilerak.
Alaitz Ormazabal: Aurreko ikasturtea amaitu aurretik eskolako umeek proposamen bat baino gehiago landu zuten eta komunitate osoak elkarrekin erabaki genuen miru gorria izatea festaren ikurra. Zizurkilen hegazti honek presentzia handia du eta babestu beharreko espeziea da. Egokia iruditu zitzaigun logorako. Izaro Lizarraga herritarrak borobildu zuen azkeneko diseinua.
Nola antolatzen zarete festa antolatzeko?
Ormazabal: Batzordeka. Beste herrietan aurreko urteetan izan duten esperientziatik abiatuta, gutxi gora behera, bagenekien zenbat batzorde osatu behar genituen. Irail aldera hasi ginen haietan parte hartu nahi ote zuen jendeari galdetzen.
Alkorta: Sei batzorde osatu ditugu, bakoitza bere arduradunarekin, eta, horrekin batera, talde motor bat ere eratu dugu, non batzorde bakoitzeko arduradunarekin batera eskolak eta udalak parte hartzen duten. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun eskolak talde horretan parte hartzea ikas-komunitatearekin edo gainerako eskolekin lotura mantentzeko; eta, berdin udalarekin, behar diren zerbitzuei begira laguntza handia eskaini dezakeelako.
«Festa girotze aldera, urtean zehar, hainbat erronka antolatu ditugu. Eskola tailerretan banatuta dago, eta saiatu gara tailer bakoitzean erronka bat planteatzen»
ALAITZ ORMAZABAL - Urkamendi guraso elkartea
Ekaineko festa iritsi bitartean erronkak egingo dituzue hilero. Zertarako?
Ormazabal: Argi dago ekainaren 14ko festara etortzeko gonbidapena egiten zaiela Gipuzkoako gainerako eskola txiki guztiei, ikasle, guraso eta herritarrei. Girotze aldera, urtean zehar, hainbat erronka antolatu ditugu. Eskola tailerretan banatuta dago, eta saiatu gara tailer bakoitzean erronka bat planteatzen. Lehenengoa arte tailerrekoek egin zuten, eta joskintzarekin du lotura: gainerako eskola txikiei eskatu zaie tela zatiak josteko, gero guk eskola atariko zuhaitzak zati horiekin apaintzeko. Erantzuna sekulakoa izan da. Oso eskertuta gaude.
Alkorta: Hilero erronka bat planteatuko dugu, eta azkenekoa, ekainekoa, eskolako aroztegi tailerretik proposatutakoa da. Ekainaren 14an eskola txiki bakoitzari prestatutakoa hona ekartzeko eskatuko zaio, eskola txikien arteko batasuna irudikatzeko.
Guraso topaketa batzuk ere egingo dituzue martxoaren 14an. Zein helbururekin?
Alkorta: Urteko festa hartuko duen herriak hartzen du herri txikietako eskoletako gurasoentzat guraso topaketak antolatzeko ardura. Martxoaren 14an egingo dugu guk, goizez, Mendigain eskolan bertan, eta bi saio antolatuko ditugu, sexu heziketa eta harremanen ingurukoa bata, eta ingurumenaren eta naturaren ingurukoa bestea. Tartean atsedentxo bat izango dugu hamaiketako eta guzti, gurasoon arteko harremana ere sustatu nahi baitugu topaketa hauekin.
Aurreratzerik baduzue zein beste ekitaldi egingo dituzuen festa iritsi bitartean?
Ormazabal: Gauza asko dauzkagu buruan. Aurreratu dezakegu kantu bat prestatzen ari garela. Aurrez beste herri batzuk egin izan dute eta gu ere animatu gara, beroaldi honetan. Ez da erronka erraza, ez baikara kontu hauetan adituak. Zorionez gure herria Loatzo musika eskolako mankomunitatearen parte da eta haiei bota genien hordagoa. Onartu ziguten eta buru-belarri dabiltza. Unai Mendizabal herritarrari eman diogu hitzak osatzeko enkargua. Aurki entzun ahal izango dugu emaitza.
Epe motzera beste hitzordurik baduzue?
Alkorta: Bai. Martxoaren 26an 18:30ean eskola txikien festari lotutako herri batzarra egingo dugu eskolan bertan. Herritar guztiei irekia izango da bilera.
Ormazabal: Eta ostiral honetan, martxoaren 6an, udaberriko material berria saltzeko denda zabalduko dugu Argurutzeko lokalean, 17:00etatik 19:00etara.
Urkamendi guraso elkartearentzat aurtengoa urte berezia da. Hala ere, zer nolako beste ekitaldi antolatzen duzue urtean zehar?
Alkorta: Ikasturteka antolatzen gara eta egutegiari jarraitzen diogu: Azoka Berezian postu bat jartzen da urri hasieran; iazko berritasuna izan zen Gau Beltzarena, lanketa txiki bat egin eta festa bat antolatu genuen azaro hasieran; Santo Tomas bueltan talo jatea ere antolatzen dugu urtero; Gabon eskean eta Santa Ageda bezperan kantuan ateratzen gara... Inauteriak ere oso txertatuta daude gure egutegian, eta, gero, San Joan bezperako gauaren antolakuntza gurasook hartzen dugu.
Ormazabal: Hala ere, herriko festetako umeentzako ekitaldiak antolatzen hartzen ditugu lanik handienak. Lau egun izaten dira eta saiatzen gara umeentzako egitarau gustagarria osatzen.
Aurten, martxoaren 14an, guraso elkarteak jantziko du Txapela Eguneko txapela. Nola jaso duzue aitortza?
Alkorta: Ilusioz hartu dugu. Ez hainbeste gugatik, sorreratik lan egin duten horiengatik guztiengatik baizik. Oso xume hasi eta indar dezente hartu du elkarteak azken urteetan. Txapelaren kontu hau dela eta, izan dugu aukera Urkamendi guraso elkartean ibilitakoekin hitz egiteko, sorrera nolakoa izan zen gogoratzeko, eta zein beharri erantzuteko sortu zuten jakiteko. Hori izan da txapela jasotzearen prozesu honen aberastasun handiena. Txapela Eguneko txapela ibilbide horri egiten zaion errekonozimendu bezala hartzen dugu.
«Txapela Eguneko txapela ibilbide horri egiten zaion errekonozimendu bezala hartzen dugu»
ARATZ ALKORTA - Urkamendi guraso elkartea
Ormazabal: Ez da gaur egun gabiltzanoi egiten zaigun aitortza bakarrik. Urkamendi guraso elkarteak asko eman dio herriari eta festa batzordeak Txapela Egunarekin hori nabarmendu nahi izaten du, herri bizitzari ekarpena egiten dion talde edo norbanakoaren lana.
Orain gurasoak zarete, baina ikasle ere izan zineten. Zein oroitzapen duzue eskolaz?
Ormazabal: Zer esango dugu guk. Eskola honetan ibili ginen. Pribilegio bat da horrelako eskola batean ikastea.
Alkorta: Harrotasunez bizi izan genuen hemengo ikasle izatea, eta orain, harrotasunez bizi dugu eskola honetako guraso izatea. Gure seme-alabak daude orain eskolan, eta jarrai dezala horrelaxe, ez dadila haria eten.