Eskola Agenda 2030 egitasmoaren barruan, motibazio saioa egin dute Pedro Mari Otaño herri eskolan. Ikasleekin batera, Maite Amenabar alkateak eta Xabier Blantx udaltzainburuak hartu dute parte, egitasmoaren barruan dagoen ardatzetako bat lantzeko: Hiri eta Komunitate Jasangarriak.
Hiru zikloetako ikasleek iazko ikasturtean mugikortasunaren inguruko konpromisoak hartu zituzten: ahalik eta gehien oinez edo motorrik gabeko ibilgailuekin mugitzea; garraio publikoa sustatzea eta autoaren erabilera murriztea; bide-segurtasuneko arauak errespetatzea eta herrian ohitura jasangarriak zabaltzea; eta egindako lanketa eta hausnarketak familietara eramatea.
Iazko ikasturte amaieran egindako udal foroan, herrian mugikortasun seguruagoa eta jasangarriagoa bermatzeko, ikasleek hainbat eskaera egin zizkioten udalari: trafikoa gutxitzeko neurriak aztertzea; bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea; bidegorriak eta oinezkoentzako bideak hobetzea; ibilgailuen abiadura kontrolatzeko neurriak ezartzea; eta espaloiak zabaltzea.
Alkateak ikasleei adierazi die eskaera horiei guztiei dagokienez udala une honetan zein puntutan dagoen. Horrekin batera, mugikortasunaren arloan egindako aurrerapenak azaldu eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean emandako urratsak zehaztu ditu.
Maiatzaren 21ean izango dute hurrengo hitzordua, udal foroa. Ikasleek aurten landutako ondorioak eta proposamen berriak aurkeztuko dituzte bertan.
Eskola Agenda 2030 egitasmoak, herri jasangarriago bat eraikitzeko bidean, hezkuntza komunitatea eta udala elkarlanean jartzen ditu- «Gazteen ahotsa entzun eta kontuan hartzea funtsezkoa da etorkizuneko Zizurkil irudikatzeko eta eraikitzeko», esan dute udal ordezkariek.