Pedro Mari Otaño plazan eta herri memoria taldeak antolatutako Hegiatik Egiara egitarauaren barruan aurkeztu dute gaur Zizurkilgo torturatuen sarea. Argazki jendetsuarekin irudikatu nahi izan dute gorpuzten ari dela sarea, eta urtetan isilarazi nahi izan duten torturaren errealitatea existitu existitzen dela.
«Torturatu gaituztela aitortzeko garaia da», esan du bildutakoen izenean Mikel Egibarrek, eta aldarrikatu du, «bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko oinarrizko abiapuntua izan dadin», torturatuei aitortza eta erreparaziorako mekanismo ofizialak eskaini behar zaizkiela.
Gaurko agerraldian Zizurkilgo torturatuen sareak argi adierazi du Espainiako estatuko segurtasun indarrek Euskal Herrian modu sistematikoan torturatu izan dutela. «Zergatik torturatu gintuzten argitzeko garaia da. Metodo krudel horren aplikazioa noren aginduz ahalbidetu zen? Garaia da jakiteko nork baimendu zuen tortura. Garaia da erantzukizun publikoak hartzeko, eta horretarako, inpunitatearekin amaitzeko, ausardia erakutsi behar da». Hori guztia argitzea ezinbestekotzat jo dute sareko kideek, egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri duen etorkizuna eraikitzeko.
Epe motzera dituzten helburuen berri eman du Egibarrek agerraldian: Lehenik, inor kanpoan geratu ez dadin saretzen jarraitzea; bigarrenik, aitortzan aurrera egitea, orain arte aitortutako kasuak ez baitira % 10era ere iristen; hirugarrenik, kontakizuna eraikitzea negazionismoa apurtzeko eta egia argitara ekartzeko; eta laugarrenik, elkarren zaintzan jarraitzea. «Garrantzitsuena ez baita egin ziguten hori, hura ahaztu gabe, orain zer egiteko gai garen baizik».
Gabeziak aitortzan
Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketaren emaitzak ekarri dituzte gogora Zizurkilgo torturatuek: 1960tik 2015era, 5.379 tortura kasu zenbatu dituzte. Aitortza gutxi batzuk egin diren arren –EAEn 260 eta Nafarroan 71–, gabeziak daudela salatu dute, bai baliabide eta bai epeen aldetik ere. Hori konpontzeko eskatu dute dute torturatuen saretik, gaia lantzeko baldintza berriak sortu direla ikusita.
Urteetan estatuak torturen bidez eragindako sufrimenduaren errelatoan murgilduta ibili izana onartu dute torturatuek, baina gaur egun, ordea, nabarmendu dute errelatoak salaketaren bidea hartu duela: «Dagoeneko ez da norbanakoaren kontakizun soila, errelatoaren bitartez guztion artean sare handi eta zabala ehuntzen ari gara, Euskal Herriko torturatuen sarea».
Herriz herri eta auzoz auzo ari da sarea eratzen eta Zizurkilgo torturatuek adierazi dute gaur egin duten bezala errealitate hori irudikatzean tortura politikoa gizartearen eskutan uzten dutela. «Torturaren sufrimendua indibiduala izan arren, herriak ere modu kolektiboan pairatu izan du, eta pairatzen du».
1981eko otsailaren 13a Zizurkilgo herriaren memorian iltzatuta geratu da; egun hartan torturatuta erail zuten Joxe Arregi herritarra. «Estatuak bultzatu eta babestu zuen torturaren errealitatea salatzeko oihu ozena bihurtu da hark botatako 'Oso latza izan da' esaldia». Arregi zenak egindako azken hitzak, torturaren aurkako aldarri kolektibo bihurtzeko deia egin dute Zizurkilgo sareko kideek.