Bi taldek osatuko dute Blues Gaueko egitaraua

Ataria 2026ko otsailaren 26a

Atxulondo tabernan El Oso y sus sabandijas arituko da larunbatean 19:00etan; eta, Egarri tabernan berriz, The 44 Dealers taldea, 23:00etatik aurrera.

Blues Gaua egingo dute larunbatean Zizurkilen. Atxulondo tabernan hasiko da egitaraua, 19:00etan, El Oso y sus sabandijas taldearen emanaldiarekin; gauean, 23:00etan, Egarri tabernan ariko da The 44 Dealers taldea.

Zizurkilgo Udalak 23. aldiz antolatu du blues musikarekin lotutako jaialdia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du etziko ekimena antolatzeko, eta herriko bi taberna ere laguntzaile dira.

Bi proposamen

Granadatik (Espainia) etorriko da lehen taldea Zizurkilera. El Oso y sus sabandijas taldeak blues klasikoaren eragina du oinarrian, baina rock, rhythm & blues eta, zenbaitetan, swing edo funk ukituak ere txertatzen ditu bere doinuetan. Antonio Travé, El Oso de Benalúa ezizenez ezaguna dena da taldeko gidaria. 19:00etan ariko dira Atxulondon.

Bigarren taldea Madrildik (Espainia) iritsiko da Blues Gauera. The 44 Dealers 2008 inguruan sortu zen, eta blues klasikoa zein rhythm & bluesa lantzen ditu. Estatuko blues eszenako talde garrantzitsuenetako bat da; nazioarteko artista askorekin lankidetzan aritu izan da, eta jaialdi ugaritan parte hartu du. Etzi, 23:00etatik aurrera, Egarri tabernan emango dute kontzertua. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!