ELKARRIZKETA

«Faxismoari sen komunitarioarekin egiten zaio aurre»

Jon Miranda Labaien 2026ko otsailaren 24a

Iker Eizagirre Agirregomezkorta (Eibar, 1996) Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoan graduatua da eta Iratzar fundazioko kidea. Bihar Zizurkilen ariko da Hegiatik Egiara egitarauaren barruan.

Zizurkilgo herri memoria taldeak antolatuta Atxulondo kultur etxean hitzaldia emango du, bihar, 19:00etan, Iker Eizagirre Agirregomezkortak (Eibar, 1996). Faxismoa gaur: taupada atzerakoiari nola aurre egin izenburua eramango du hitzaldiak.

Zer da taupada atzerakoia?

Taupada esaten diogu iruditzen zaigulako faxismoa baino zerbait konplexuagoa dela, edo gutxienez, zabalagoa den zerbait dela. Zirimiri baten moduan guztia bustitzen duen fenomenoa da, eta konturatzen ari gara jarrera kontserbadore eta atzerakoiagoetara mugitzen ari dela gizartea.

Fenomeno globala da?

Esango genuke mendebaldean ematen ari den joera bat dela. Kausa asko egon daitezke, baina horietako bat da kolokan jartzen ari dela II. Mundu Gerratik hona AEBk izan duen nagusitasun politiko, ekonomiko eta militarra. Krisi horri erantzuteko modu bat ere bada taupada atzerakoia.

«Oligarkia teknologiko bat landu dute, izugarrizko baliabideak dituena ideietan eragiteko»

Nola zabaltzen dira diskurtso atzerakoiak?

Egiturazkoak diren faktoreekin batera, badago eskuinaren edo eskuin muturraren estrategia global bat. Oligarkia teknologiko bat landu dute, izugarrizko baliabideak dituena ideietan eragiteko, baina, horrekin batera, neoliberalismoarekin indibidualizazio prozesua azkartzen ari dira; gaur egun, jasotzen ditugun mezuak pantailen bidez eta modu oso isolatuan jasotzen ditugu. Horregatik diogu harreman sozial aberatseko gizarteetan faxismoak ez duela hain sarbide erraza.

«Horregatik diogu harreman sozial aberatseko gizarteetan faxismoak ez duela hain sarbide erraza»

Salbuetsita gaude Euskal Herrian?

Euskal Herrian tradizio antifaxista handia dugu, eta sen komunitarioa oso presente dago. Hemen eskuin muturraren indarra hainbestekoa ez izatea ekarri du horrek. Dena den, tokian tokiko joerei begiratu behar zaie, eta Nafarroan, UPNren bueltan, Opus Deirekin lotutako sektore ultra-kontserbadoreak daude eskuin muturrarekin aldera daitezkeenak, eta inkluso, zenbaitetan kalean ekintza biolentoak egin dituztenak. Taupada atzerakoia ez da berdina zonalde guztietan, baina, hala ere, badirudi orokorrean Euskal Herrian badagoela giro aurrerakoiago bat.

Joera atzerakoiari erantzun dinamikekin egin behar zaio aurre?

Ez bakarrik. Mobilizazioak beharrezkoak dira, bai, baina horrekin batera bataila ideologikoa eman behar zaie ideia horiei, eta, gero, gure praktika komunitarioak indartu behar ditugu. Baina, galderari erantzunez, esango nuke baietz, mobilizatzen den mugimendu bati mobilizazioarekin erantzun behar zaiola: irudimentsuak izan behar dugu, eta kasu batzuetan jaramonik ez egitea izan daiteke bidea; beste batzuetan, berriz, mobilizazio jendetsuekin erantzutea. Testuingurua aztertu eta erantzunak ondo pentsatu behar ditugu.

Gudu ideologikoa irabazten ari dira?

Mugimendu atzerakoia ondo antolatuta dago borroka kulturalari begira; baliabide asko dituzte, eta zenbait tokitan ari dira irabazten eta zentzu komun atzerakoi bat sortzen. Lan handia egin behar dugu guk komunikatiboki haien ideiak lehiatzeko.

Nola eraiki suebaki efiziente bat faxismoaren aurka?

Komunitatea sortuz. Euskal Herrian zeozer badakigu herrigintzan aritzeaz, elkar zaintzeaz edo babes sareak sortzeaz. Ideia atzerakoiek zailagoa izango dute gure artean zabaltzea baldin eta herriko edo auzoko jai batzordean, futbol taldean edo gazte asanbladan antolatzen bagara.

«Ideia atzerakoiek zailagoa izango dute gure artean zabaltzea baldin eta herriko jai batzordean, futbol taldean edo gazte asanbladan antolatzen bagara»

Instituzio komunitarioetan antolatzea garrantzitsua da, baina instituzio publikoetatik geldiarazi daiteke eskuinerako biratze hau?

Bai, noski. Gertatzen dena da ezkerreko zenbait alderdik 2008ko krisiari emandako erantzunak frustrazio bat sortu duela. Ezkerreko alderdiak instituzioetara iristen direnean lan egiten jarraitu behar dute eta baliabideak birbanatu behar dituzte gizarte igualitarioagoak sortzeko; politika erradikalak egin behar dituzte. Horrela ere jartzen zaio frenoa joera atzerakoiari.

Gomendiorik baduzu euskal herritarrentzat?

Euskal Herrian askotan kanpora begiratzen dugu besteek zer egiten duten begiratzeko, baina taupada atzerakoari aurre egiteko tresnak esku-eskura dauzkagu: herrigintzatik praktika komunitarioak sortu, gure arteko harremanak indartu eta, ahal den heinean, borroka kulturala egin behar dugu. Esango nuke bide onetik goazela, Euskal Herrian badakigula horrelako fenomenoei aurre egiten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!