Kultura eta euskara mahaian parte hartzeko deia egin diete herritarrei

Ataria 2026ko otsailaren 20a

Otsailaren 26an Atxulondo kultur etxean izango da bilera 18:00etan hasita.

Otsailaren 26an, Maiatza Saltsan hilabete kulturalaren ekintzak zein gairen inguruan antolatuko dituzten erabakitzeko eta proposamenak biltzeko elkartuko dira Atxulondo kultur etxean. Zizurkilgo Udalak aukera baliatu nahi du kulturgintzan dabiltzanen sarea indartzeko, elkarren beharrak ezagutzeko eta haien kezka eta ideiak elkarbanatzeko.

Horregatik, kulturgile, kulturazale, hezitzaile, hedabide eta kulturan interesa duen oro gonbidatu du bileran parte hartzera. «Urtarrilean, Gotzon Barandiaranen hitzaldian, euskarazko kulturgintzaren egoeraz hausnartu eta ondorioztatu genuen zeinen garrantzitsua den tokian tokiko kultur mahaiak indartzea», esan dute udal arduradunek.

Beraz, deialdi zabala egin dute hilaren 26ko bileran parte hartzeko. Atxulondo kultur etxean izango da 18:00etatik aurrera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!