Martxoaren 14an egingo dute Txapela Eguna Zizurkilgo Herrigunean. Festa batzordeak erabaki du aurten Urkamendi guraso elkarteari egitea aitortza. Elkarteko kideei txapela jarriko diete afalostean, eta, aldi berean, haiek izango dira abuztuan aurtengo jaien hasieran txupinazoa botatzeko ohorea izango dutenak.
Zizurkilgo festa batzordearen ustez, eskola txikiaren ekarpena garrantzitsua da Herrigunea bizirik mantentzeko. Eskolaz harago, ordea, «ezinbestekoa» da herri bizitzan parte hartuko duten gurasoak egotea: «1980ko hamarkadaren amaieran guraso elkartea sortu zenetik, Zizurkilgo jaietan haurrei zuzendutako ekintzak sustatu ditu elkarteak, eta, noski, beste hainbat dira urtean zehar gurasoek herrian antolatzen dituzten ekintzak, herri giroari ezinbesteko ekarpena eginez».
Elkartean parte hartu duten belaunaldiei eskerrak emateko balioko du txapelak. Aurten, gainera, eskola txikien festa Zizurkilen egingo den urtean, festa batzordeari eskerrak emateko modu polita iruditu zaio Urkamendi guraso elkarteari txapela jartzea.
Herri giroa sustatuz
Txapela Egunaren 31. edizioa egingo dute aurten. Helburu bikoitzarekin sortu zuten festa: alde batetik, txapela jantzita lagun giroan herritarrak batzea; eta, bestetik, herri giroa sustatzen lan egiten duen talde edo pertsona bat eskertzea.
Martxoaren 14ko egitarauaren berri eman dute antolatzaileek, eta zizurkildarrak animatu dituzte egunaz gozatzera txapela jantzita. 16:00etan hasiko dira Zentroan, txapeldunen mus lehiaketarekin. 17:30ean, Intxaur frontoian, Bukalai dantza taldearen emanaldia izango da, eta ordubete beranduago, 18:30ean, Urkamendi elkarteak antolatutako jokoak egingo dituzte frontoian. 20:30ean, III. Txapel saskiratze lehiaketa egingo dute plazan, eta 21:00etan elkartuko dira txapeldunak afaltzeko Iriarte jatetxean. Amaia Agirre eta Unai Mendizabal bertsolariek alaituko dute afalostea.
Une horretan, Luix Urkolak, iazko txapeldunak, jarriko dio txapela Urkamendi guraso elkarteari. Txapela Egunean aitortza jasotzearekin batera, Amabirjin festetan jaien hasierako suziria pizteko ardura izango dute guraso elkartekoek.
Afarirako txartelak salgai jarriko dituzte Iriarte jatetxean otsailaren 23tik aurrera, 35 euroan. Arrain zopa, oilaskoa patatekin, etxeko tarta, kafea eta txupitoa izango dira menuan.