Segurtasuna bermatzeko esku hartzeak egingo dituzte bideetan

Ataria 2026ko otsailaren 19a

Olentzon biribilgunea egingo du aldundiak eta Ernio eta Bulandegi bideetan ere hartuko ditu hainbat neurri.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamenduak hainbat esku hartze egingo ditu Zizurkilen: Olentzoko bidegurutzean biribilgunea egingo du; eta Ernio eta Bulandegi bideetan oinezkoen segurtasuna bermatzeko  hainbat lan egingo ditu.

2025eko otsailean Zizurkilgo Udalak egindako proposamenean jasotako hainbat lan hartuko ditu bere gain Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zizurkil eta Asteasu arteko errepidearen egoerari konponbidea ematea da proposamenean udalak eskatzen zuen puntuetako bat, eta, besteak beste, horri buruz hitz egiteko bildu ziren hil honen hasieran Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea eta Larraitz Alkorta Asteasukoa, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatuarekin eta Mikel Uribetxeberria Plangintza eta Ustiaketa zuzendariarekin.

Joan den otsailaren 11n, berriz, Uribetxeberria bera Zizurkilen izan zen herriak aspaldidanik dituen trafiko arazoei irtenbidea emateko aurreikusitako neurriak bertatik bertara azaltzeko. «Hainbat legealditan zehar egindako eskaeren ondoren, lehen aldiz, neurri zehatzak mahai gainean jarri ditu aldundiak, udalak luzaroan aldarrikatu dituen esku hartzeei bide emanez», esan dute Zizurkilgo udal ordezkariek.

Udalarentzat saihesbidea da trafiko arazoari irtenbide iraunkorra emateko giltzarria, baina oraindik trabak daude proiektu hori gauzatzeko. Aldundiak adierazi du, hasiera batean aurkeztutako lehenengo proiektua ekonomikoki ez zela bideragarria, eta bigarren proposamenak, berriz, ez du udala asebete, Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren garapena oztopatuko lukeelako.

Aldundia berretsi da saihesbideari irtenbide bat emateko konpromisoan eta aukera berriak aztertzen ari dela esan du, nahiz eta aitortu duen lehentasun handiagoko beste azpiegitura proiektu batzuk dituela esku artean. Zizurkilgo Udalak, bere aldetik, adierazi du lanean jarraituko duela hartutako konpromisoak gauzatzen direla bermatzeko eta  trafikoari «irtenbide oso eta iraunkorra» lortzeko.

Neurri zehatzak

Udalaren eskaeran saihesbidearen proiektua lehenesten bada ere beste hainbat proiektu ere jasotzen dira, tartean, Olentzoko bidegurutzean biribilgune bat egitea. Bertatik pasatzen den trafikoa handia da eta Herrigunetik jaisten diren ibilgailuen zein oinezkoen segurtasuna bermatzeko balioko du biribilguneak.

Aldundiak jakinarazi du proiektua % 100 bere gain hartuko duela: proiektua idatzia dute eta lanak gauzatzeko beharrezko aurrekontua eginda. Aurkeztutako proposamenaren arabera, Zalduako biribilgunea bezala, 32 metroko diametroa izango du eta oinezkoentzat pasabide segurua jarriko da Zizurkil eta Asteasu arteko bidegorrira igarotzeko; gainera, bi autobus geltoki identifikatu eta egokituko dituzte biribilgunean.

Obra honekin ibilgailuen abiadura kontrolatuko da eta oinezkoentzat segurtasuna indartu. Maite Amenabarrek aurrerapausotzat hartu du erabakia: «Urrats garrantzitsua eta esanguratsua da Herriguneko segurtasuna hobetzeko, eta herriaren egunerokoan zuzenean eragiten duen arazo bati erantzuna emateko».

Horrekin batera, oinezkoen segurtasuna indartzeko helburuarekin, Zizurkilgo Udalak Ernio eta Bulandegi bideetan esku hartzeko beharra jaso zuen iazko otsailean egindako eskaeran. Honenbestez errepidearekin lotutako ondorengo neurriak aldundiak bere gain hartzea adostu dute bi aldeek: abiadura 50 kilometro orduko abiaduratik 30 kilometro ordukora murriztea; seinaleztapen bertikala egokitzea; eta isletak gorriz margotzea, ikusgarritasuna handitzeko.

Horrekin batera, oinezkoen segurtasuna hobetzeko, zebrabide guztiak altxatzea eskatu zuen udalak, baina neurri hori ez omen du bideragarritzat jo aldundiak. Bestalde, adostu dute espaloietan eta oinezkoengan eragin zuzena duelako, errepideen argiztapena udalaren eskumenekoa izatea.

Lepasoroko bidea itxita

Azken hilabeteetan izandako euriteek kalteak eragin dituzte herriko hainbat bide eta azpiegituretan. Horien artean Lepasoroko bidea, segurtasun arrazoiengatik ibilgailu astunen zirkulaziorako itxi behar izan dute.

Udalak konponketa lanak aurreikusi ditu, eta udaberrirako bidea berriro ere ibilgailu guztientzat erabilgarri egotea espero du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!