Etzi Nire ongizate emozionala zaintzen izeneko tailerra ematen hasiko dira Zizurkilen.Plazida Otaño liburutegian izango da, 10:00etatik 12:30era, eta zortzi saio izango dira guztira, bi ordu eta erdikoa bakoitza. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute 943 00 65 51 telefono zenbakian edo pacienteactivo@osakidetza.eus helbidean.
Osakidetzaren Paziente Bizia programaren barruan emango dute tailerra. Gaixotasun kronikoekin bizi diren pertsonek edo haien zaintzaileek dinamizatzen dituzte saioak. «Akonpainatuta sentitzeko guneak dira tailerrak, esperientziak trukatzeko tokia», esan dute arduradunek.
Osakidetzaren egiaztapena jaso duten bi begiralek dinamizatuko dute tailerra. «Taldeetan sortzen den babesari esker, indartu egiten da osasuna kudeatzeko gure gaitasunean dugun konfiantza, eta horrek modu positiboan laguntzen digu bizitza aktiboa eta osasungarria izaten».
Programak eskaintzen dituen tailerretan, gaixotasunari buruzko oinarrizko ezagutzez gain, bizi ohitura osasungarriak lantzen dituzte eta autozainketan egiten dute azpimarra, elikaduran, ariketa fisikoan eta atsedenean adibidez. Aldi berean, kudeaketa emozionala, sexualitatea, sintomen kudeaketa eta osasuna hobeto kontrolatzeko trebetasunak ere lantzen dituzte. Berdinen arteko laguntzarekin parte hartzaileek ekintza planak ezarri, arazoak konpondu, komunikazio teknikak landu eta estresa kontrolatzeko moduak ikasten dituzte.
Askotariko tailerrak
Publiko orokorrari zuzendutakoa da Zizurkilen emango duten tailerra. Gipuzkoako beste hainbat herritan gai jakinen inguruko beste hiru saio ematen dituzte txandaka: Nire diabetesa zaintzen, Minbizia izan ondoren nire osasuna zaintzen eta Neure burua zaintzen, besteak zaintzeko. Hauetan parte hartzeko, programako arduradunekin jarri beharko da harremanetan.
2010. urtean jarri zuten martxan Paziente Bizia programa eta Osasun Sailak duen ildo estrategikoari jarraitzen dio: herritarren ahalduntzea eta herritarren parte hartzea sustatzea. «Helburu horrekin bizitza autonomoagoa bultzatzeko eta osasunaren zaintzan segurtasun handiagoa lortzeko tresnak ematen dira».
Zizurkilgo tailerrean gehienez 15 pertsonak hartu ahal izango dute parte.