Atxulondo kultur etxea energetikoki birgaituko dute

Ataria 2026ko otsailaren 3a

Isolamendua, aireztapena eta berokuntza sistemak hobetuko dituzte kultur etxeko eraikinean. Zizurkilgo Udalak 4,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2026rako.

Atxulondo kultur etxea energetikoki eraginkorragoa izan dadin obrak egingo ditu Zizurkilgo Udalak 2026an. Eraikinaren isolamendua, aireztapena eta berokuntza sistemak hobetzeko, Next Generation funts europarretik jasotako 150.000 euro baliatuko ditu. Aurtengo inbertsio nagusienetako bat izango da eta hala jasota geratu da aurtengo aurrekontuan. PSE-EEren abstentzioarekin eta EAJren aurkako botoekin onartu zuen udalbatzak 4,5 milioi euroko aurrekontua, joan den urtarrilaren 27an.

Iazko aurrekontuarekin alderatuta, milioi erdi igo da 2026koa. Udal gobernuak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena handiagoa izan dela, eta horrekin batera, udalak Zubiondoko etxebizitza berrien eraikuntzarekin lotutako udal tasak ere jaso dituela aurten. 

Maite Amenabar alkatearen arabera udalarentzat etxebizitza lehentasunezko gaietako bat da, nahiz eta aurtengo aurrekontuan ez duen islarik izan. Promozio pribatua da Zubiondo eremuan hasiko dutena, eta alkateak aitortu du ezintasuna dutela horrelakoekin batera babestutako etxebizitzak sustatzeko, «oztopoa» hirigintza plan orokorra bera dela. «Azken urteetan planaren aldaketa puntualak egin ditugu eta aurten ere lanean jarraituko dugu babes ofizialeko etxebizitzak izango dituen hirigintza egitasmo bat tramitatzeko Ugareko Itxaropena inguruan». Herrigunean, bestalde, baserrien segregazioaren ordenantza aldatzeko partida bat jarri zuten iaz, eta aurten gauzatzeko asmoa dute, beti ere, «lege esparruak uzten duen neurrian». 

Espazioak hobetzen

Aurtengo aurrekontuak ikuspegi «soziala» duela esan dute udal ordezkariek eta azpimarratu dute haien lehentasuna dela zizurkildar guztien bizi kalitatea hobetzea, gizarte zerbitzuak indartzea eta espazio publikoak zaintzea.

Atxulondo kultur etxea birgaitzeaz gainera, espazio publikoen mantenurako diru gehiago jarriko du udalak aurten, irisgarritasuna, argiteria, bide publikoak eta aparkalekuak hobetzeko. Besteak beste, Villabonara doan oinezkoen zubia berritzeko lanak egin, eta, bereziki, landa eremuko herri bideak hobetuko dituzte.

Kirolgunea aspaldiko asmoa da Zizurkilen, eta hitz eman bezala, iaz idatzi zuen udalak gunerako proiektua. «Ezin da udal baliabideekin bakarrik egin, eta Atxulondo kultur etxearen berritze energetikoan gertatu bezala, ezinbestekoak izango ditugu diru laguntzak». Aldundiarekin eman beharreko pausoak lantzen ari dira azken hilabeteetan eta dagoeneko hainbat laguntza lerrotara aurkeztu dute proiektua.

Udalaren aurtengo beste asmoetako bat da Pedro Mari Otaño herri eskolako frontoia berritzea; proiektua datozen hilabeteetan prest egotea espero dute udal arduradunek, ondoren diru laguntzetara aurkezteko. Bestalde, segurtasun arrazoiak tarteko, eskola horretan bertan dagoen instalazio elektrikoa erabat berrituko dute.

Herrigunean dagoen Mendigain herri eskolako parkea ere berrituko dute eskolako komunitatearekin elkarlanean eta aurten espero dute ikastetxean igogailua jartzea, Eusko Jaurlaritzak iaz egindako lehiaketa publikoa hutsik geratu ondoren. 

Jakina denez, aurten Mendigainek antolatuko du Eskola Txikien Festa eta jaiaren antolakuntzarako ekarpen gehigarria egingo dio udalak eskolari. Aldi berean, Danena elkarteak 50 urte beteko ditu aurten eta mende erdiko ospakizunetarako diru kopuru berezi bat ere gordeko du udalak. Ekarpen horiek ia milioi bat euroko poltsan jasota daude eta horrekin herritarren eta eragileen artean sortutako sareak indartu nahi ditu udalak. Udal gobernuak esan du modu horretara berretsi nahi dutela herriko elkarte eta eragileekin duten konpromisoa.

Etorri berriei harrera

Gizarte arloko zerbitzuak «indartzen eta hobetzen» jarraitzeko asmoa ere adierazi dute: «Funtsezkotzat jotzen dugu herritarrei erantzun egoki eta kalitatezkoa ematea». 

Hain zuzen, intentzio horrekin egingo dute Zizurkilen Harrera Eguna larunbatean bigarrengo aldiz. Etorri berri direnei herria erakustearekin batera, eskura dituzten baliabideen berri emango diete 11:00etatik aurrera. Atxulondo kultur etxean egingo dute hitzordua eta handik Herrigunera igoko dira; eguna mokadutxo batekin amaituko dute. 

2025ean 129 pertsona erroldatu ziren Zizurkilen eta horietatik 47 Espainiako estatutik kanpokoak ziren. Udal arduradunek esan dute guztiak daudela gonbidatuta larunbateko saiora. Aurten, tresna bat gehiago izango dute lanketarako: etorri berriei harrera egiteko Tolosaldea mailan landu duten protokoloa. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!