Zizurkilgo kulturgintza aztergai izango dute hitzaldi batean

Ataria 2026ko urtarrilaren 22a

'Zizurkilgo kulturgintza: Euskal Herriko esperientzietatik ikasten' hitzaldia eskainiko du Gotzon Barandiaranek urtarrilaren 29an Atxulondo kultur etxean.

Zizurkilgo Udalak herriko euskarazko kultur ekosistemaren egoeraz hausnartu eta etorkizuneko erronkak partekatzeko hitzaldia antolatu du urtarrilaren 29an, 18:00etan, Atxulondo kultur etxean. Zizurkilgo kulturgintza: Euskal Herriko esperientzietatik ikasten izenburua eramango du eta Gotzon Barandiaran ariko da hizlari, euskarazko kulturgintzan ibilbide luzeko idazle eta kultur eragile dena.

Kezkatuta dago udala azkeneko urteotako joerarekin: kontzertu eta ekimen masiboek geroz eta indar handiagoa dute, eta, alderantziz, zailtasunak daude herrietako aretoak betetzeko. Horrekin batera arduratuta dago haur eta gazteei transmititzen zaien kultur ereduarekin.

Euskararen eta kulturgintzaren arteko harreman estuaz hitz egingo dute hitzaldian. Udalak erreferentzia egin die azkeneko ikerketa soziolinguistikoei: «Azterketek esaten dute euskararen ahulgune nagusia gaitasun falta dela, eta indargune nagusia, berriz, atxikimendu afektiboa». Hitzaldiaren sustatzaileek uste dute euskarazko kulturgintzak sustatzen dituela hizkuntzaren erabilera eta trebakuntza, eta laguntzen duela euskararekiko lotura afektiboa indartzen.

Beraz, urtarrilaren 29ko hitzaldian, Barandiaranek gidatuta, ondoreko galderak jorratuko dituzte: Zein da euskarazko kulturgintzaren erronka nagusia gaur egun? Zein eragin du kulturgintzak euskararen biziberritzean? Beste herri batzuetako esperientziek balio dute Zizurkilerako?.

Euskarazko kulturgintzan interesa duten herritarrei zuzendutako hitzaldia izango dela aurreratu du udalak, izan sortzaile, antolatzaile, hezitzaile edo kulturzale.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!