Ostalaritzan esperientzia luzea du Ana Hernandezek (Lasarte-Oria, 1983) eta ilusioz ekin zion Zizurkilgo Atxulondo kultur etxeko taberna-jatetxearen kudeaketari joan den abenduaren 4an. Galderei gaztelaniaz erantzun die, nahiz eta euskara ulertzen duen, eta bezeroekin oinarrizko elkarrizketak euskaraz izaten dituen.
Zer moduzko martxa daramazue lehen hilabetean?
Uste baino hobea. Donostiako taberna eta jatetxeetan lan egindako naiz eta nahiz eta Lasarten bizi naizen, Andoaindik haragoko zonaldea ia ez nuen ezagutzen. Aitortzen dut herri txikiagoekiko aurreiritzia nuela. Iruditzen zitzaidan Zizurkil bezalako herrietan ez zela hainbeste jende ibiltzen, baina harrituta nago, plaza inguru honetan beti dabil jendea. Sorpresa polita izan da eta sumatu dut herritarren babesa hasierako egunetan.
Zein baldintzetan hartu duzue tabernaren ustiaketa?
Bi urterako kontratua sinatu dugu, lau urtera zabaltzeko aukerarekin, eta baldintza oso egokietan, gainera. Interneten izan nuen deialdiaren berri eta gehiegi jakin gabe eman nuen izena. Ez naiz damutzen. Udalak erraztasun handiak eman dizkigu.
Konpetentzia al dira inguruko tabernak?
Inondik inora. Uste dut elkarrekin lan egitera behartuta gaudela, denon komenientziarako izango baita. Iritsi bezain laster jarri nintzen harremanetan Egarriko eta Pasuseko arduradunekin eta oso eskertuta nago egin didaten harrerarekin eta eman didaten laguntzarekin. Xabi Tello tabernako aurreko arduradunak ere asko lagundu dit.
Zein bezero etortzen dira tabernara?
Askotariko jendea etortzen zaigu. Kultur etxeko ikastaroetara datozen ikasleak, umeen gurasoak, langile jendea... Astean zehar, esango nuke, familia giroko publikoa izaten dugula nagusiki. Asteburuetan, berriz, afaltzera eta, gazte kuadrillak etortzen zaizkigu. Egia esan, tabernaren kokapena zoragarria da eta mugimendu asko izaten dugu.
Zenbateko lantaldea osatu duzue?
Lau lagunek osatzen dugu, oraingoz. Sukaldari bat eta zerbitzatzen eta barran beste hiru pertsona ibiltzen gara. Oraingoz moldatzen gara dagoen eskariari erantzuteko, baina jende gehiago beharko bagenu prest gaude gehiago kontratatzeko. Jantokian 50-60 pertsona sartzen dira, seinale ona litzateke dena beteta edukitzea.
Zer nolako eskaintza egiten duzue?
Eguneroko menua 14 euroan ematen dugu asteartetik ostiralera. Aste osorako menu bakarra prestatzen dugu, baina zortzi bat lehenengo plater eta beste hainbeste bigarrengo eskaintzen ditugu, hortaz, badago aukera. Saiatzen gara bertako osagaiekin menua osatzen. Gertuko ekoizleei erosten dizkiegu produktuak. Gero, asteburuan, errazioak, ogitartekoak eta hanburgesak eskaintzen ditugu, eta horrekin batera, plater bereziak, adibidez, bakailaoa pil-pil erara edo txuleta. Orain, sagardotegi menua ere eskaintzen dugu denboraldia den garaian.
Eskaintzen duzuenetik zerk du arrakasta gehien?
Hanburgesek, adibidez. Goyari erositako haragiarekin prestatzen ditugu eta arrakasta handia dute. Bestela, barran pintxoak eskaintzen ditugu eta jendeak asko eskatzen ditu. Guk egindako bizkotxo eta pastelak ere gustura hartzen ditu bezeroak.
Zein bereizgarri du Atxulondo jatetxe-tabernak?
Oso herrikoia dela. Lantaldekoak gogaituta geunden dagoeneko Donostiako azkenaldiko joerarekin, han dena antolatzen dute turistari atsegin emateko. Ni eskola zaharrekoa naiz eta nahiago dut beste modu batera lan egin: bertako jendearekin eta bertako produktuekin.
Zein ordutegitan zabaltzen duzue taberna-jatetxea?
Astelehenetan hartzen dugu atseden, eta gainerakoan, astearte, asteazken eta ostegunetan 09:00etatik 21:00etara irekitzen dugu. Ostiral, larunbat eta igandeetan, berriz, 11:00ak aldera zabaldu eta gauerdira arte egoten gara.