Erasunek abiatu du bidea Binakako Txapelketa Nagusian

Ataria 2025eko abenduaren 30a

Igandean Sopelan eta Ibarrola aurrelari gisa zuela jokatu zuen zizurkildarrak ligaxkako lehen partida. 22-10 galdu zuten Aldai-Salsamendi bikotearen aurka.

Asteburu honetan ekin diote Emakume Master Cuparen barruko Binakako Txapelketa Nagusiari. Zazpi bikote izango dira nor baino nor gehiago, horien artean Itsaso Erasun pilotari zizurkildarra.

Lehiaketa sistemari dagokionez, lehen fasean, bikote guztiek elkarren aurka jokatuko dute ligaxka eran eta dozena bat herritan izango dira norgehiagokak; eskualdeari dagokionez, Amezketan eta Asteasun izango dira partida horietako batzuk. Ligaxkako lau onenek, martxoaren 8a Agurainen jokatuko diren finalerdietarako txartela eskuratuko dute –lehenengoek laugarrenen aurka eta bigarrenek hirugarrenen kontra–. Finala martxoaren 22an izango da eta orduan banatuko dituzte txapelak. 

Aurreko asteburuan Etxebarri eta Sopelan jokatu dira lehenengo partidak. Larunbatean, Etxebarrin, Aldai-Betegi bikotea gailendu zitzaion Sagardui-Mendizabal bikoteari 22-18ko emaitzarekin; bigarren partidan, berriz, Zabaleta-Bertiz eta Etxegarai-Capellan bikoteen artekoan lehenengoak irabazi zuten 22-12ko emaitzarekin.

Igandean, berriz, Sopelan beste bi partida jokatu ziren. Ordezko pilotariak aritu behar izan zuten. Lehenengoan 22-20ko emaitzarekin irabazi zuten Zabaleta-Bergarak, Sagardui-Gaminderen aurka eta bigarrengoan Aldai-Salsamendik irabazi zuten, Ibarrola-Erasunen aurka, 22-10eko emaitzarekin. Oraingoz, punturik ez du eskuratu, beraz, pilotari zizurkildarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!