Postuak plazara

Ataria 2025eko abenduaren 20a

Urteroko ohiturari jarraituz, azoka jarri dute Joxe Arregi plazan. Postuak 10:00etatik daude irekita, eta 14:00ak arte Gabonetako erosketak egiteko hainbat proposamen aurkituko dituzte bertaratzen direnek.

Zizurkildarrek herrian bertan Gabonetako erosketak egiteko aukera dute gaur. Jan-edana, jantziak eta osagarriak, edota etxeko apaingarriak dira, batik bat, erosleek topatuko dituztenak. Herriko elkarteek, noski, aukera baliatzen dute euren postuak jartzeko, eta dirua ateratzeaz gain, euren lana ezagutarazteko.

2026ra begira

2026a ate joka da, eta gaurko azokan ere agerian geratu da. Batetik, herritarrek bertan jaso dute Zizurkilgo Udalak osatutako egutegia, zizurkildarrek bidalitako argazkiekin. Bestetik, AEKk 2026ko hitzordu nagusiari begirako postua jarri du: Korrika. Martxoaren 19an hasita, 11 egunez eta 10 gauez, etenik gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du 24. aldiz. Gaur, gainera, materiala erosteko aukera dago Zizurkilen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!