Kirola eta osasuna ardatz hartuta adin eta gustu guztietarako jarduerez osatutako Kirol Astea antolatu dute Zizurkilen. Abenduaren 9tik 14ra egingo dira ekitaldiak eta, aurten ere, ez dira faltako ohiko hitzorduak: Ibontxo Gonzalezen omenezko Gau Krosa eta Pirineos Mountain Film Festivalaren film laburren emanaldia.
Udalak eta herriko kirol eragileek elkarlanean egin duten ahalegina azpimarratu du Maite Amenabar alkateak: «Kirol Astea osasuna eta bizitza aktiboa sustatzeko aukera paregabea da, eta herriko elkarteek egindako lana funtsezkoa da horrelako egitarau oparoa aurrera ateratzeko. Udalaren izenean, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet inplikatu diren eragile eta pertsona guztiei, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu kirol asteaz gozatzera».
Gaur, abenduaren 9an, Ander Alkorta zizurkildarrak emango duen saioarekin abiatuko da astea. AktibaZU izena jarri dio saioari eta bizkarreko mina arintzeko ariketa sinpleetan oinarritutakoa izango da, teoriko-praktikoa. 19:30ean izango da Atxulondo kultur etxean.
Ostegunean jarraituko du egitarauak, gazte kirolariek emango duten mahai inguruarekin: halterofiliako, pilotako eta futboleko hainbat kirolari gaztek beren esperientzia partekatuko dute eta azalduko dute nola uztartzen duten kirola ikasketekin. Ostiralean, berriz, Pirineos Mountain Film Festival jaialdiaren barruko film aukeraketa eskainiko dute Atxulondo kultur etxean. Bi txandatan eskainiko dituzte mendiarekin, abenturarekin eta naturarekin lotutako pelikula laburrak.
Larunbata izango da Kirol Astearen egun nagusia, egitarau askotarikoa eta zabala prestatu baitute okasiorako, herriko hainbat gunetan banatuta. Goizean, ZEKek antolatutako herri kirol eta jolasak izango dira Intxaur frontoian; arratsaldean, futbola izango da Elbarrena zelaian eta bizikleta ginkana Joxe Arregi plazan; eta iluntzean, ohiko XXVIII. Gau Krosa, Ibontxo Gonzalez Memoriala egingo dute 22:30ean. Izen emateak Herrikrosa.eus helbidean egin beharko dira.
Asteari amaiera emateko, igande goizean, Egarri Halterofilia Trofeoa jokatuko dute Joxe Arregi plazan, Danena Halterofilia elkarteak antolatuta. Arratsaldean, Elbarrena zelaian Danenako ohorezko kadete taldeak Hernani CDren aurka jokatuko du, eta Intxaur frontoian Ziotza eta Urnietako pilota elkarteetako haurrek neurtuko dituzte indarrak.
Zizurkilgo Udalak eta Kirol Mahaiak herritar guztiak animatu dituzte kirol astean parte hartzera, «askotariko jarduerak direlako, irekiak eta herrikoiak», eta kirola egiteko, ikasteko eta komunitatea sendotzeko aukera «paregabea» eskaintzen dutelako.
Zizurkilgo Kirol Astea
- Abenduak 9, asteartea
- 19:30. Atxulondon AktibaZU saioa Ander Alkortaren eskutik. Doakoa izango da.
- Abenduak 11, osteguna
- 19:00. Gazteak eta kirola mahai ingurua Atxulondon. Halterofiliako Susana Davila, Eneko Mesa, Ekaitz Kortajarena eta Mohamed Reda ariko dira; Ihintza Arruti, Julen Alberdi eta Itxaso Erasun pilotariak; eta Danena Futbol elkarteko hainbat jokalari. Edurne Ayusok dinamizatuko du mahai ingurua.
- Abenduak 12, ostirala
- 19:00. Pirineos Mountain Film Festival jaialdiko 4 film aukeratu Atxulondo kultur etxean.
- 20:15. Pirineos Mountain Film Festival jaialdiko 3 film aukeratu Atxulondo kultur etxean.
- Abenduak 13, larunbata
- 11:00. ZEK elkarteak antolatutako herri kirolak eta jolasak 2 eta 12 urte arteko haurrentzat.
- 16:00. Aiztondo NKTren eta Bergarako KEren arteko futbol partida, ohoreko erregional mailako partida Elbarrenako futbol zelaian.
- 17:00. 2 eta 12 urte arteko haurrentzat Danena Txirrindularitza eskutik bizikleta ginkana. Bizikleta eta kaskoa derrigorrezkoak izango dira.
- XXVIII. Gau Krosa - Ibontxo Gonzalez Memoriala
- 20:15 - 21:00. Dortsal banaketa.
- 21:30. Haurren proba (2013+): 1 km.
- 22:00. Gazteen proba (2010-2012): 2,5 km. Izen ematea bi euro.
- 22:30. Proba nagusia: 7 km. Izen ematea hiru euro.
- Sariak kategoria guztietan banatuko dira eta, aurten ere egongo da Dinosaurio saria, korrikalari beteranoenarentzat. Parte hartzaileen artean zozketak egingo dira.
- Abenduak 14, igandea
- 12:00. Joxe Arregi plazan, Egarri Halterofilia Trofeoa.
- 16:00. Elbarrena futbol zelaian ohorezko kadeteen futbol partida: Danena KE - Hernani CD.
- 17:00. Intxaur frontoian Ziotza eta Urnietako pilota elkarteen haurren arteko norgehiagokak Intxaur frontoian.