Landa-lurzoruko lursailak topografikoki mugatzen jarraituko dute

Ataria 2025eko azaroaren 28a

Aurten 2. poligonoko lursailak mugatzeko prozesua abiatuko dute, Geograma enpresa espezializatuaren laguntzarekin.

Zizurkilgo Udalak landa-lurzoruko lursailak mugatzeko lanekin jarraitzen du. Iaz, 3. poligonoaren mugatzea egin ondoren, aurten 2. poligonoko lursailak mugatzeko prozesua abiatuko dute, Geograma enpresa espezializatuaren laguntzarekin.

Jabeen edo oinordekoen artean landa-ondasunen inguruko ezagutza faltak maiz mugen nahasketak edo desagerpenak eragiten ditu, eta horrek zuzenean eragiten du mendien zaintzan eta landa-ingurunearen kudeaketan. Mugaketa lanek egoera hori argitu eta konpontzea dute helburu.

Iaz bezala, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren diru laguntza jasoko du lanok egiteko. Guztira, 190 hektareako azalera hartzen duten 284 lursail baino gehiago mugatuko dira. Udalaren arabera, erronka «handia» da, udalerriko landa-lurren hedadura zabala baita; horregatik, gainerako poligonoak datorren urteetan egingo dira.

Proiektuaren helburu nagusiak honako hauek dira: mugan eon daitezkeen akatsak identifikatzea eta zuzentzea; lursailen mugak eta mugarriei GPS koordenatu zehatzak esleitzea; eta beharrekoa den kasuetan, Katastroko datuak eguneratzea.

Lan hauek behar bezala gauzatzeko, 121 jabe baino gehiagoren parte hartzea ezinbestekoa izango da. Auzokideekin batera, lursailen mugak eta mugarriak adostu beharko dituzte neurketa topografikoak egin aurretik. Prozesuan parte hartzea borondatezkoa da, eta jabeei ez die inolako kostu ekonomikorik eragingo. Hala ere, mugak garbituta edukitzea eta mugarriak lokalizatuta izatea eskatzen zaie lurjabeei lanei ekin aurretik.

Lan guztiak amaitu ondoren, Geogramak markatutako mugak eta mugarrien koordenatuak jasotzen dituzten planoak entregatuko dizkie udalak jabeei.

Horrez gain, Zizurkilgo Udalak jakinarazi du 2. poligonoko lursailen jabe guztiek 2025eko abenduaren 9an, Iriarte kultur etxean, egingo den azalpen bilerarako gonbita jasoko dutela. «Guztion artean aurrera eramateko moduko proiektua da, eta udalak eskertzen du jabeek erakutsiko duten lankidetza», adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!