Sarraila elektronikoak jarri dituzte Zizurkilgo ekarpen guneetan

Ataria 2025eko azaroaren 27a

Argazkia: Zizurkilgo Udala

Txartel berak balioko du bai ekarpen guneetarako bai auzo-konpostaguneetarako. Herrigunean etxez etxe bidaliko zaie herritar guztiei eta Elbarrenan berriz, auzo-konposta egiten dutenei banatuko zaie, gainerakoek udalean eska dezakete.

Zizurkilgo Udalak sarraila elektronikoak jarri ditu ekarpen guneetan eta auzo-konpostaguneetan, gune horien erabilera egokia eta arduratsua bermatzeko. Neurri honen bidez, udalak hondakinen kudeaketa hobetzea eta azken hilabeteetan atzeman diren erabilera okerrak saihestu nahi du.

Aurrerantzean, sarraila elektronikoak ireki ahal izateko txartel pertsonalizatua beharko dute herritarrek eta txartel berak balioko du bai ekarpen guneetarako bai auzo-konpostaguneetarako.

Herrigunean txartelak etxez etxe bidaliko zaizkie herritar guztiei, errefusa botatzeko edukiontziak ekarpen guneetan soilik baitaude. Elbarrenan, berriz, auzo-konposta egiten duten herritarrei banatuko zaizkie, eta gainerakoek udalarekin harremanetan jarri beharko dute ekarpen gunera sarbidea behar izanez gero.

Erabilera egokia

Ekarpen guneek atez ateko bilketa sistemarekin kudeatu ezin diren hondakin frakzioak jasotzeko balio dute. Zizurkilgo Udalak argi utzi nahi izan du ez direla garbiguneak; beraz, ezin dira bertan bota hondakin bereziak, arriskutsuak edo bolumen handikoak.

Horrelako hondakinak kudeatzeko hiru aukera daude: hondakin arriskutsuak dagokien etxolan utzi behar dira; tamaina handiko hondakinak, berriz, ateratze egunean eta dagokion gunean (aurrez Mankomunitatera deituta, 943 676 216); eta, azkenik, garbigunera bota beharreko hondakinak —hala nola obra txikietako materialak edo bestelako hondakin bereziak— Tolosaldeko Mankomunitateari dagozkion Tolosako edo Andoaingo garbiguneetan utzi behar dira. Besteak beste, debekatuta daude honako hondakinak hauek uztea etxola barruan: etxe-tresna elektronikoak, obretako hondakinak, bolumen handiko traste zaharrak, hondakin arriskutsuak (pilak, pinturak, bateriak, sustantzia toxikoak...) eta sukaldeko edo motorreko olioa. 

Azken hilabeteetan hainbat erabilera desegoki hauteman dituzte ekarpen guneetan, eta udalak gogorarazi du portaera horiek ez direla onargarriak. Gainera, gogorarazi du edukiontzietatik kanpo hondakinak uztea, behar bezala ez bereiztea edota sarraila eta egiturak hondatzea debekatuta dagoela eta erabilera okerren aurrean isunak jarriko dituela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!