Frakzio organikoan daturik onenak, Zizurkilen

Ataria 2025eko azaroaren 20a

Zizurkilen % 71koa da birziklapen tasa. Maiatzean Tolosaldeko Mankomunitateak egindako karakterizazioak erakutsi du organikoaren bilketan eskualdeko emaitzarik onenak dituzte, baina errefusari dagokionez asko dutela hobetzeko.

Tolosaldeko Mankomunitateak maiatzaren 21ean egindako hondakinen karakterizazioaren emaitzak eman ditu eta, horren arabera, Zizurkilgo herriak ditu daturik onenak frakzio organikoan. Atez ate edukiontzi marroietan jasotzen duten hondakinen % 98 organikoa da eta % 2, besterik ez, inpropioa.

Herriaren jarrera arduratsuaren ondorio zuzena dela aipatu du Zizurkilgo Udalak, baina aldi berean nabarmendu du gauzak ez direla hain ondo egiten ari errefusaren kasuan. Karakterizazioak erakutsi du edukiontzi grisean bota diren hondakinen erdia baino gehiago ez direla egoki sailkatu –% 48 organikoa da eta % 7 ontzi arinak–. Birzikla edo konpostatu daitezkeen hondakin asko galtzen da beraz.

Frakzio bakoitza dagokion edukiontzian uztea guztion ardura dela nabarmendu du Maite Amenabar alkateak: «Errefusa da benetan birziklatu ezin den hondakina, baina sarritan iruditzen zaiguna baino askoz gutxiago da. Kalean edo lurrean uzten den oro errefusaren kamioiak jasotzen du, eta horrek herriko karakterizazio datuak okertzen ditu». Errefusaren edukiontzian dagokiona bakarrik botaz gero, frakziokako bilketa datuak hobetu eta Tolosaldeko Mankomunitateak ezartzen duen tasa jaitsi ahalko luketela aipatu du alkateak.

Tasen inguruko oharra

Mankomunitateari udal bakoitzak ordaintzen dion kostua, karakterizazioan jasotako datuen arabera kalkulatzen da. Ondorio ekonomiko zuzena dute, beraz, ingurumenean duten eraginaz gainera. Zenbat eta hobeto bereizi orduan eta kostu txikiagoa aplikatzen dio mankomunitateak udalari eta, ondorioz, herritarrek ordaintzen dituzten tasetan ere islatzen da aurrezpena.

«Errefusaren tratamendu kostua organikoaren hirukoitza da. Horrek san nahi du, sailkatzen ez dugun guztia ez dela soilik ingurumen arazo bat, udalak hiru aldiz gastu handiagori egin behar dio aurre», esan du Amenabarrek.

Bilketa eta tratamendu kostuek gora egin dute azken urteetan eta ordaindu beharreko prezioak ere nabarmen garestitu dira. Kalitatezko bereizketa egitea «funtsezkoa» da udaren ustetan, tasen karga arintzeko. «Datuak hobetzen baditugu, 2027rako hondakinen tasak mantendu edo jaistea erronka ezin hobea izan daiteke, bai ingurumenarentzat, baita guztion poltsikorako ere».

Norabide onean

2022ko Europako Hondakinen Legeak bi mugarri nagusi jarri zituen: lehena, 2025erako udal guztiek gutxienez % 70eko bilketa bereizia izatea; eta 2030erako bilketa bereiziaren tasa % 80ra iristea. Zizurkilen birziklapen tasa % 71koa da gaur egun. Oraindik ere falta den tarte horretan hobetzeko deia egin du alkateak: «Karakterizazio datuek erakusten dute frakzio guztien kalitatea ez dela berdina: organikoan bikain gabiltzan arren, errefusean oraindik asko dago hobetzeko. Egin dezagun ahalegina Zizurkil herri arduratsu eta eredugarrien artean sendotzeko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!