elkarrizketa

«Ezin da azaldu garena, duela ez hainbeste izan ginena ulertu gabe»

Jon Miranda Labaien 2025eko azaroaren 12a

36ko gerran kokatuta, memoria ariketa poetikoa egin eta korapiloak askatuz egia ezagutzeko bide bat seinalatu dute Iraitz eta Izaro Lizarragak 'Hamar marra' album ilustratuan. Ostiralean aurkeztuko dute Zizurkilen.

Txalaparta argitaletxearen Axuri Beltza bilduman kaleratu dute Hamar marra album ilustratua. Haur eta gazte literaturari eskainitako saila da, baina Iraitz Lizarraga Gomezek (Zizurkil, 1979) eta Izaro Lizarraga Galdosek (Zizurkil, 1980) uste dute edozein adinetako irakurlearentzat dela aproposa.

Zergatik aukeratu duzue memoria historikoaren gaia album ilustraturako?

Izaro Lizarraga: Familiako pasarte oso pertsonal batzuetatik abiatu eta gogoa geneukan 36ko gerraren testuinguruan emakumeek sufritu zutenaz hitz egiteko. Ikusten genuen kontu asko kontatu gabe daudela oraindik, eta garai hura bizi izan zuen belaunaldia hiltzen joan ahala haiekin eramango zituztela sekretu guztiak. 

Nola egin duzue libururako dokumentazio lana?

Izaro: Geure bizipenetatik abiatuta, geure erara eta garen horretatik, emakumeen ikuspegitik kontatu nahi genuen gertatu zena. Dena den, datuekin osatu nahi genuen historia eta konturatu gara bila aritu arren, ez dugula gauza handirik topatu. Garaituen historia oso gutxi kontatzen da eta are gutxiago emakumeek edo umeek sufritu zutena.

Iraitz Lizarraga: Jasota daude, gehienbat, erailketak eta atxilotzeak, baina beste sufrimendu mota hori, emakumeek jasan zutena, ez da inon ageri. Badakigu Aiztondon larru-arras moztu zitzaiela ilea hainbat emakumeri, baina inon ez dago jasota zenbat izan ziren. Beraz, kopuru zehatzak ez genekizkienez, liburuaren amaieran hamar lerrotan laburbildu ditugu jazarpen horiek guztiak, modu metaforikoagoan: iraindutakoak 'makina bat' izan zirela esan dugu, Fraisoron abandonatutako umeak 'ehunka' eta bortxatutako emakumeak 'gehiegi'.

Uste duzue oraindik asko falta dela duela ia 90 urte pasa zena ezagutzeko?

Iraitz: Konturatu gara erresistentzia handia dagoela gauzak izan ziren bezala kontatzeko. Lotsagatik, minagatik eta baita beldurragatik ere.

Izaro: Normala ere bada kontatu nahi ez izatea. Guk gaia errespetuz landu nahi izan dugu, ez baita guk zuzenean pairatu dugun sufrimendu bat. Oreka horretan ibili gara, inor ez mintzeko, baina, aldi berean, gertatu zena azaleratzeko ahaleginean. Liburuan kontatzen duguna errealitatean gertatu zen, hemen, Aiztondo bailaran, 1936tik 1939ra. 

Zein ekarpen egin nahi du album ilustratu honek?

Iraitz: Zein adinetako jendeari bideratuta dagoen ikusita, uste dut liburua eginda dagoela umeek hari hori gal ez dezaten. Jakin dezaten zer pasatu zen euren inguruan. Iragan horren alabak gara; ezin da azaldu garena,  duela ez hainbeste izan ginena ulertu gabe.

Izaro: Orain sumatzen zaie gaztetxoei kezkatuta Palestinako gerrarekin eta asko galdetzen digute helduoi. Iruditzen zaie euren egunerokotasunetik oso urrun dagoen gauza bat dela, eta oxala horrela izatea, baina hemen bertan duela ehun urte baino gutxiago gauza bera gertatu zen. Nire iritziz umeek jakin behar dute nondik gatozen, nor garen eta zein arrisku ditugun mundu honetan. Faxistek hor diraute oraindik, eta umeei euren munduan pasatzen ari dena ezkutatzea, niretzat, pertsonalki, akatsa da. Gai hauen inguruan umeekin hitz egin nahi dutenentzat tresna bat da liburua.

Nola nahiko zenukete albuma irakurtzea?

Izaro: Ez da liburu historikoa, baizik eta gure sorkuntza eta askatasunetik egindakoa. Testuinguru jakin batean dago kokatua, baina, nagusiki, sekretuez hitz egiten du. Gustatuko litzaiguke liburuak akuilu lana egitea eta familiek albuma baliatzea etxeko sekretuak etxeko goxotasunean ateratzeko. 

Iraitz: Nik uste dut patxadaz, orrialdeetako bakoitza ondo analizatuta lasai irakurtzeko liburua dela. Ume batek berak bakarrik irakurketa jakin bat egingo du eta heldu baten laguntzaz, akaso, iritsi daiteke beste leku batzuetara. Bakarka, eskolan, taldeka irakurketa kolektiboan, eta noski, etxean familiartean irakurri daiteke. 

Izaro: Irudietako bakoitzean informazio eta metafora asko dago. Irakurketak geruza ezberdinak ditu. Nahiz eta liburua 10 urtetik gorakoentzat sailkatuta egon, guk defendatzen dugu letrak deszifratzen ez dakien pertsonak ere irakur dezakeela marrazki bitartez. Pertsona eta sentsibilitate gehiagotara iristeko modua iruditzen zaigu, norberak egin dezake bere irakurketa propioa eta behin baino gehiagotan irakurri dezake. 

Nola sortu dituzu liburuko hitzak, Iraitz?

Iraitz: Saiatu gara hitzek esaten ez zutena marrazkiekin osatzen eta alderantziz. Amonaren iruditik abiatu ginen, gero niri sukaldea etorri zitzaidan eta hortik hariak, hari matazak, moñoak... Izarok eta biok sortzeko dugun modu hori ederki islatzen da Hamar marra lan honetan, 
tiraka-tiraka joaten gara eraikitzen.

Izaro: Gozamena da Iraitzekin lan egitea, ez dagoelako inongo egorik; momenturen batean iruditzen bazaigu irudi batek nahikoa iradokitzen duela eta azaldu nahi dugun hori azaltzeko ez dela testurik behar, aurrez idatzitakoa kentzeko arazorik ez du izaten Iraitzek. Konfiantza dugu elkarrekin, baina ez da hori bakarrik, etengabe dugu zerbait hobea sortzeko gogoa; elkarren mesedetan aritzen gara.  

Eta zuk, Izaro, nola sortu dituzu irudiak?

Izaro: Hari mataza eta moñoa izan ziren abiapuntua, eta konturatu nintzen azken finean marrak zirela hor agertzen zirenak. Metaforikoki ere badu zentzua: goazen hariari tira egitera, ez baitugu etenik egotea nahi istorioan. Sinbolikoki esanahia du eta estetikoki ere jokoa ematen du. Txuri-beltza erabili dut gehienbat iraganari erreferentzia egiteko eta elementuren batera begirada zuzenago bideratzeko, kolore printza batzuk baliatu ditut.

Iraitz: Jarraikortasun hori adierazten du marrak eta fonetikoki ere badu bere karga liburuan. Marra eta marmarra hoskideak dira: amonak egiten du marmar askotan, hamar dira kopetan azaltzen zaizkion marrak, armen marmarra aditzen da...

Amasa-Villabona, Zizurkil, Aduna eta Asteasuko udalek lagundu dute argitalpena eta orain herri horietan egingo dituzue aurkezpenak. 

Iraitz: Aurkezpenak segida xamar izango direnez eta bailaran bertan, saio bakoitzari forma ezberdina eman nahi izan diogu. Ostiralean, Zizurkilen, haurrentzako tailer bezala planteatuko dugu. Gero, Adunako eskolan ere egingo dugu tankerako beste bat eta Asteasun eta Villabonan helduentzako izango dira aurkezpenak. 

Izaro: Guretzat erronka bat da aurrentzako aurkezpenak prestatzea, agian errazagoa egiten zaigu helduekin aritzea, baina hainbeste hitz egiten dugu haur literaturaz eta bitartekari figuraz, bada guk ere ekarpena egin nahi dugula bide horretan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!