Datorren urterako ordenantza fiskalak onartu dituzte Zizurkilen eta zerga eta tasa orokorrek % 2ko igoera izango dute 2026an. Proposamena EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren kontrako botoekin onartu du udalbatzak urriko osoko bilkuran.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan KPIaren hazkundea % 2,8koa izan da aurten eta udal gobernuak adierazi du inflazioa igo dena baino gutxiago igo direla tasak eta zergak. Herritarren ahalegin ekonomikoa kontuan hartuta, helburua udal zerbitzuen kalitatea mantentzea dela esan dute. Taxi tarifek ere igoera izango dutela jakinarazi zuten osoko bilkuran; prezioak % 3,1 igoko dira datorren urtean, Gipuzkoako Taxi Elkarteak egindako proposamena onartu ondoren.
Hondakinen tasa % 25 gora
Udalak ezin dute hondakinen bilketa eta tratamendua defizitarekin kudeatu Europako Batasunak aurten onartutako 7/2022 Legearen arabera, zeinak hondakinen eta lurzoru kutsatuen kudeaketa arautzen duen. Hemendik aurrera, herritarrek ordaindu beharko dute hondakinen bilketa eta kudeaketak dakarren kostu osoa. Beste herrietan bezala, Zizurkilen ere, 2026an % 25 igoko da hondakinen tasa.
Legediak behartutako neurri bat dela azpimarratu du Maite Amenabar alkateak, «halabeharrez» hartu behar izan dutena. «Zizurkilen organikoaren bilketa datuak oso onak dira; baina errefusarenak, aldiz, oso kaskarrak, eta horrek zuzenean eragiten du kudeaketa kostuan». Horregatik egin du azpimarra hondakin-frakzioak behar bezala bereiztean, ekarpen guneak egoki erabiltzean eta kaleak txukun mantentzean. «Funtsezkoa da kostuak kontrolatzeko eta ingurumenarekiko errespetua bermatzeko».