Tamaina hartu dio alkate lanari azken bi urteotan baina, aldi berean, aitortzen du administrazioa «oso motela» dela. Maite Amenabar Alkortari (Azpeitia, 1977) kosta egiten zaio, askotan, buruan dituen ideia guztiak gauzatzea baina, hala ere, ilusioz ekiten dio egunero lanari.
Agintaldiaren lehen erdiaz zer nolako balantze egiten duzue?
Herritarrekin konpromisoak hartu genituen legealdi hasieran eta hitz emandakoaren % 80a bete dugu. Orain, agian, zailena geratzen zaigu egiteko, baina gure ahalegin guztia jarriko dugu horretan.
Zer geratu zaizue betetzeko?
Hitz eman genuen Zizurkilgo landa eremuko baserrien segregaziorako edo banaketarako ordenantzari helduko geniola eta lanketa hori egingo duen enpresa kontratatuko genuela aurten. Guk nahi baino motelago doa, baina legealdia amaitu aurretik aurrera pausoak eman nahi genituzke gai honetan. Baserri eremuetan egin beharreko ordenanttza aldaketa hori dago alde batetik eta, bestetik, azterketa bat egin nahi genuke Elbarrenan etxebizitza berriak egiteko zein aukera dauden ikusteko.
Etxebizitza beharra dago Zizurkilen?
Bai. Gazteek beharra adierazi digute eta badakigu eskualdeko beste hainbat herritara mugitzen ari zaikigula asko. Badakigu, gainera, etxebizitza huts asko dagoela herrian eta pentsatu beharko dugu horiek nola merkaturatu. Gure lehentasunen artean jarriko dugu gai hau, halabeharrez, mugatuta baikaude etxebizitza berriak egiteko. Babes ofizialekoak egiteko Plan Orokorrak aurreikusi zituen eremuetako gehienak –futbol zelaiaren atzealdekoa, adibidez– uholde arriskukotzat jotzen dituzte eta ez digute bertan eraikitzen uzten. Urbanistikoki eremu zaila da gurea, proiektuak aurrera ateratzeko, errepidea ez bada, trenbidea da edo bestela erreka. Geratzen zaigun aukera bakarra Plan Orokorrari aldaketa partzialak egitea da. Horrek, hala ere, luze joko digu.
Bulandegi bidea egokitzen ari zarete irisgarritasun planaren barruan. Zeintzuk dira hurrengo lanak?
Orain ari gara lehenengo zatiko bigarren faseko lanekin. Irisgarritasuna hobetzen ari gara Kaixo taberna pareko espaloian eta, bitartean, hoditeria berrituko dugu tunelaren bestalderaino. Aurrera begira zer? Udalarentzat izugarrizko kostua dira lan horiek, aurrekontuaren parte handi bat horretara bideratzen dugu. Hurrengo fasearen proiektua idazten ari gara orain, Otaño eskolaren pareko aldapatik hasi eta Erniobidea alderainoko zatiari dagokiona. Ikusi beharko dugu zein aurrekontu duten lanok. Ez dut alboratzen, beste gai batzuk aurrera ateratzeko, urteren batean, atsedenaldia ematea irisgarritasun planari.
Laguntzarik jaso al duzue?
Batere ez. Orain arte, lehenengo faseko lan guztiak udalak ordaindu ditu. Errepidea ez besteko lan guztiak gure eskumena direla dio aldundiak, baina gu ez gatoz bat irakurketa horrekin. Uste dut ingurunea egokitzeak denoi egiten digula mesede eta eskertuko genuke konpomiso handiagoa haien aldetik.
Zer nolako harremana duzue aldundiko Bide Azpiegituretako Sailarekin?
Lau bat bilera egin ditugu dagoeneko. Gure beharrak adierazi dizkiegu eta gure eskubideak bermatzeko eskatu. Eman ditugu aurrera urrats batzuk. Herrigunetik Olentzora jaisten den errepidean biribilgunea egiteko konpromisoa hartu du aldundiak eta esan digute haiek finantzatuko dutela obra. Arrisku gune bat da eta segurtasunean irabaziko dugu. Gainera oinezkoek eta bizikletek lotura naturala izango dute bidegorriarekin. Proiektua idazten ari omen dira.
Eta saihesbidea noizko?
Zailagoa dirudi horrek. Saihesbidea aurrera ateratzeko indar guztiak jartzen ari gara. Urte hasieran egin ziguten proposamena teknikoki aztertu eta ez zitzaigun aproposa iruditu. Bueltan bidali geniena aztertzen ari dira orain. Azkena bildu ginenean nahikoa gustura atera ginen bileratik. Lanketarein ari direla dirudi, denbora eskaintzen ari zaizkiela saihesbideari. Ez nuke esango haien lehentasunen artean dagoenekik, baina ari dira lanean. Ez dugu, behintzat, ezezko biribilik jaso.
Kirol gunea errealitatea bihurtuko da agintaldia amaitu aurretik?
Guretzako buruhauste handi bat izaten ari da. Ez dugu zalantzarik zenbait elkartek, bereziki Denok-Danena Halterofilia taldeak, horrelako gune baten behar erreala dutela. Jakitun gara haien egoera zein den. Guk proiektu bat idazteko konpromisoa hartu genuen. Ekainean aurkeztutako dokumentuan eraikin berri bat egitea proposatzen dugu, Atxulondo tabernaren atzealdean eta egungo aldagelen aldamenean. Zoragarria da egitasmoa, baina egingarria izatea falta zaio. Gure aurreikuspenaren arabera 800 mila euro ingurukoa izango da aurrekontua, eta laguntza gabe nahikoa lan izango dugu hori aurrera ateratzen. Kirol gunea egingo bagenu ezingo genuke beste ezer egin.
Energia arloan zer nolako aurrera pausoak emango dituzue?
Hain justu, eremu horretan, Atxulondo kultur etxeko birgaitze energetikoari ekingo diogu, New Generation Europako diru laguntzei esker. 150.000 euro eman dizkigute eta kanak egiteko behar den beste erdia guk jarriko dugu. Hotz-beroak kontrolatzeko esku-hartzeak egingo ditugu leihoetan, teilatuan eta hormetan. Eraikina bera energetikoki efizienteagoa izango da eta, gainera, modu horretara herriko plazan presentzia handiagoa emango zaio kultur etxeari; polita geratuko da.
Ezkeltzuko parke eolikoa behin betiko geratu da bertan behera?
Bai. AESAko txosten hori dela eta, bertan behera geratu zen egitasmoa eta ez dago oraingoz inongo mugimendurik. Horretan geratzea espero dugu.
Hirigintza sailaren ardura ere hartu duzu alkatetzarekin batera. Eroso sentitu zara?
Kosta egin zitzaidan hasieran. Batetik esperientzia faltagatik eta, bestetik, emakume izateak ere badueako zerikusia. Hirigintzarena oso gizonen eremua da eta emakumeei ez zaie hainbeste aintzat hartzen. Urteotan nik alboan izan dut Joxe Mari Luengo –duela gutxi utzi du zinegotzi kargua– eta haren aldamenean asko ikasi dut. Hark erakutsitakoa eramango dut nirekin, baina sailari nire esentzia ere eman nahi diot. Iruditzen zait garaia dela emakumeen ikuspegitik horrelako gaiei heltzeko.
Berriz ere alkategai izango zara 2027ko udal hauteskundeetan?
Ez dakit.
Nahiko zenuke?
Ez dakit. Ondo pentsatu beharreko erabakia da. Oraindik badago denbora eta legealdi honetakoak bukatzen nago zentratuta.